Vikidiatik

Estalaktita

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Estalaktita bat.

Estalaktitak leize edo haitzuloetako sabaian sortutako zutabe edo hodi moduko batzuk dira, kareharriz osatuak eta punta behera begira dutenak.

Nola sortuak dira estalaktitak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estalaktitak tantaz tanta sortzen dira, urtez urte.

Leku hezeetan, euri-ura lurrazalean zehar lurpeko haitzulo bateraino irits daiteke; horrelakoetan, sabaitik behera ura erortzen joango da. Ur horrek lurrean egindako bidaian hainbat mineral jaso ditu lehenago eta, ur-tantak erortzen direnean edo lehortzen direnean, haiekin batera duten mineral (kaltzita izenekoa) horren zati bat pilatzen joaten da sabaian. Minerala pilatzen denean, urte askoren ondoren, sabaitik zintzilik geratzen diren zutabe edo luzakin horiek sortzen joaten dira, gero eta luzeagoak eta gero eta zabalagoak ere. Barrutik, ordea, hutsik egoten dira.

Ur-tantak lurrera erortzen direnean, kaltzita hori lurrean pilatzen joango da, bestalde; denbora igaro ahala, pilatutako kaltzita hori gorantz luzatzen hasiko da, eta zutabe puntadun solidoak (hau da, barrutik hutsik ez daudenak, estalaktitak ez bezala) sortuko dira. Mineralezko zutabe hauei estalagmita deitzen zaie.

Beraz, estalaktitak sabaitik behera sortutako egitura mineralak dira; eta estalagmitak, aldiz, lurretik gora sortutakoak. Beste diferentzia bat da, esan bezala, estalaktitak barrutik hutsik daudela eta estalagmitak, berriz, solidoak direla.

Bestalde, estalaktita bat eta haren azpiko estalagmita asko luzatzen direnean, elkartzera iritsiko dira eta zutabe osoak sortuko dituzte; horretarako, noski, milaka eta milaka urte behar dira. Horregatik, noizbait haitzulo batera sartzen bagara, ez dira estalaktitak edo estalagmitak apurtu behar: naturak milaka urte behar izan ditu horiek osatzeko.