Vikidiatik

Estatu

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Munduko estatuen mapa, bakoitza bere banderarekin.

Estatua, politika modernoan, antolaketa politiko bat da, aginte osoa duena eremu edo lurralde geografiko batean eta bertako biztanleen gainean. Horrek esan nahi du estatu bat burujabe edo independentea dela, eta beste estatuetatik bereizten dituen mugak dituela. Estatu gehienek indar armatuak dituzte beren lurraldea eta mugak defendatzeko. Gainera, estatuek beren legeak erabaki eta erakundeak antolatzeko boterea dute. Horregatik esaten da estatuek burujabetza edo botere subiranoa dutela; hau da, politikari eta legeei buruzko erabakiak har ditzaketela beren lurraldearen barruan.

Hala ere, historia modernoan zehar, hainbat estatuk elkartu eta herrialde bakarra osatzeko erabakia hartu dute. Hori gertatu zen, adibidez, Amerikako Estatu Batuetan. Gaur egun, 50 estatuk osatzen dute herrialde hori. Estatu horiek herrialde bakar batean elkartzea adostu zutenez, bakoitzak bere lurraldearen gaineko burujabetza osoa ez izatea onartu zuten. Horren ondorioz, bertako estatuek agintea dute zenbait eremutan, baina ez dira independenteak, beren burujabetza erakunde politiko komun batekin partekatzen dutelako. Erakunde hori Estatu Batuetako gobernu federala da eta presidente batek zuzentzen du, Estatu Batuetako presidenteak, hain zuzen.

Antzeko zerbait gertatzen da Espainiako 17 autonomia erkidegoekin. Ez dira berez estatuak, baina beren burua gobernatzeko eskumen edo botere batzuk dituzte, gobernu zentralaren boteretik kanpo. Autogobernu eskumen edo botere horiek erkidego bakoitzaren autonomia estatutuan jasota daude.

Espainian gobernu autonomiko batzuek beren izen berezia dute. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua Eusko Jaurlaritza da; Kataluniakoa eta Valentziakoa Generalitat deitzen da; Galiziakoa Xunta da, eta Andaluziakoa, berriz, Junta.

Gobernu zentrala gobernu autonomikoen gainetik dago eta autonomia guztietako biztanleei eragiten dieten erabakiak hartzen ditu. Beraz, Espainia estatu burujabe edo independentea da, beste estatu batzuek osatzen ez dutena.

Zenbat estatu daude?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, ia 200 estatu daude munduan. Askotan estatu eta herrialde hitzak edo kontzeptuak nahasten dira, baina ez dira beti gauza bera. Pertsona asko ez daude ados bi kontzeptuen arteko desberdintasunari buruz. Pertsona askorentzat, herrialde bat eta estatu bat gauza berbera dira. Beste pertsona askorentzat, berriz, estatu bat izatera iritsi ez diren herrialdeak daude, edo bere baitan estatu asko dituzten herrialdeak ere bai.

Estatuetan gobernu mota ugari egon daitezke. Adibidez, errepublika (estatu burua presidentea denean) edo monarkia (estatu burua erregea edo erregina denean). Gaur egun, munduan errepublika gehiago daude, monarkia baino.

Alde batetik, estatu demokratikoak daude, zeinetan herritarrek ordezkari politikoak aukeratu ditzaketen. Bestetik, estatu diktatorialak daude, zeinetan herritarrei ez zaien eskubide hori aitortzen.