Vikidiatik

Europako geografia

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Europako muga geografiko fisikoak.

Europako geografiari dagokionez, Europa munduko kontinenteetako bat dela esaten da askotan; berez, ordea, ez da kontinente bat, geografiaren ikuspuntutik, Eurasia izeneko superkontinente edo lur-eremu handiko zati bat baizik, edo azpikontinente bat, bestela esanda.

Arrazoi historikoengatik bereizi izan dira Europa eta Asia eta esan Europa kontinente bat dela; izan ere, bereizketa hori oso zaharra da, K.a. VI. mendekoa gutxienez. Garai hartan, lehen geografo greziarrek, Anaximandrok eta Miletoko Hekateok bereziki, hiru zati edo kontinentetan banatu zuten ordura arte ezagutzen zuten mundua: Europa, Asia eta Afrika.

Hori kontuan izanda, Europa eta Asia arteko "mugatzat" hartzen dira Ural mendikatea, Ural ibaia eta Kaspiar itsasoa batetik eta Kaukaso mendiak bestetik.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eurasia osoa Ipar hemisferioan dago, eta Europa Eurasiako mendebaldean kokatutako penintsula handi bat dela esan daiteke. Hala ere, Europa superkontinente horren bostena (1/5) besterik ez da.

Haren mugak honako hauek dira:

Kontinentetzat hartuta ere, munduko bigarren txikiena da, Ozeaniaren aurretik. Izan ere, 10,5 milioi km2-ko azalera du, hau da, Lurreko gainazal osoaren %2 besterik ez.

Europako erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko ikusi: Europako erliebea.

Europak askotariko egitura fisikoa du, hainbat penintsula, golko, barne-itsaso, tamaina desberdineko uharteekin etab. Kontinentea nahiko laua da; batez besteko altitude edo altuera 300 metro ingurukoa da, izan ere.

Hala ere, mendikate aipagarri batzuk baditu, eta altuera handiko mendiak ere. Europako mendirik altuena Mont Blanc (Frantzian, 4.807m) da Mendebaldeko Europan, eta, Ekialdeko Europan, berriz, Elbrus mendia (Errusia, 5.642 m) eta Shkhara mendia (Georgia, 5.204) m).

Europako erliebeari begiratuta, hiru multzo handi bereiz ditzakegu:

Orogenia alpetarrean sortutako mendiguneak.

  • Ordoki zabalak: Europako ordoki handia izenekoa kontinenteko zati handi bat hartzen duen zabaldi laua da. Kontinenteko erliebe-formarik zabalena da: izan ere, Europaren erdia hartzen du, gutxi gorabehera; Frantziako hego-mendebaldetik hasita, iparralderantz eta ekialderantz zabaltzen da, Herbehereak, Alemania eta Polonian zehar, mendebaldeko Errusiaren barnealdera iritsi arte.
  • Mendikate alpetarrak: mendi-multzo gazteagoak dira, Mediterraneoko itsasertzetik hurbil sortutakoak, Afrikako plakak Europako plakaren kontra talka egitean (orogenia alpetarra deitzen zaio mendi-eraketa honi). Ez dute altuera oso handia, eta, berriagoak izanda, higadura gutxi jasan dute. Haien artekoak dira Pirinioak, Alpeak, Karpatoak eta Kaukasoa.


Penintsulak eta golkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europak penintsula ugari ditu: handiena Eskandinaviar penintsula da, iparraldean; hegoaldean, Iberiar penintsula, Italiar penintsula, eta Balkanetako penintsula daude. Txikiagoak dira Jutlandiako penintsula (Danimarka), Kolakoa (Errusia) eta Krimeakoa (Errusia eta Ukraina)

Golkorik garrantzitsuenak honako hauek dira: Bizkaiko golkoa eta Liongo golkoa (Iberiar penintsularen eta kontinentearen artean; Genovako golkoa (Italiar penintsularen eta kontinentearen artean); Botniako golkoa eta Finlandiako golkoa (Itsaso Baltikoan).


Itsasarteak eta lurmuturrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasarte batzuk ere badaude, hala nola Calaisko itsasartea (Frantzia eta Erresuma Batua), Gibraltarko itsasartea (Espainia eta Maroko), Dardaneloetako eta Bosforoko itsasarteak (Turkia), Mesinakoa (Italia, kontinentearen eta Siziliaren artean) eta Oresund-ekoa (Danimarka eta Suedia artean).

Nabarmentzeko lurmutur batzuk ere badaude: Fisterrakoa eta San Bizente lurmuturra (Iberiar penintsulan); Ipar lurmuturra (Norvegian); eta Matapan lurmuturra (Grezian)


Europako itsasoak eta uharteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko ikusi: Europako itsasoak

Europak irla edo uharte ugari ditu; haien artean, honakoak dira garrantzitsu eta handienak:


Europako ibaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko ikusi: Europako ibaiak eta Europako hidrografia

Esan bezala, Europa kontinente txikia da eta haren erliebea ez da oso altua, batez beste. Horregatik, oro har, haren ibaiak ez dira oso luzeak eta emari (ur-kantitate) handikoak beste kontinente batzuetako ibai luzeenekin konparatuta.

Adibidez, luzerari begiratzen badiegu, Europako ibairik luzeenak, Volga ibaiak, 3.690 km-ko luzera du. Afrikako ibairik luzeenak, Nilo ibaiak, 6.650 km. ditu; Ameriketam, Amazonas ibaiak 6.400 km. ditu; eta Asian, ibairik luzeenak, Yangzi ibaiak, 6.300 km.

Aldiz, Europak ibai ugari ditu eta haren sare hidrografikoa (ibaiek osatutako sarea) oso handia da; gainera, ibai horietako batzuek garrantzi ekonomiko handia dute, garraiobide moduan, energia hidraulikoa lortzeko, eta biztanleriaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren beharrak asetzeko (hau da, nekazaritza-lurrak ureztatzeko, eta abere eta gizakiek edateko).