Euskal Herriko erliebea

Vikidiatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Euskal Herriko erliebe-unitateak.

Euskal Herriko erliebea aipatzerakoan, hiru eremu bereizi behar dira:

Euskal Herria txikia izan arren, haren erliebean era askotako egiturak eta paisaiak daude, ezaugarri oso desberdinak dituztenak: eskualde menditsu eta hezeak ipar-ekialdean, eta eskualde lauak eta lehorragoak Araba eta Nafarroan, bai eta basamortua ere Nafarroako hegoaldean.

Ezaugarri desberdin horiek eragin handia dute eskualde bakoitzeko kliman eta landaretzan, baliabide naturaletan, ekonomian eta biztanleen bizimoduan. Honako hauek dira nabarmentzen diren unitateak: Pirinioak, Euskal Herriko mendiak, Ebroko sakonunea eta Akitaniako edo Aturri ibaiaren arroa.

Pirinioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinioak satelite-argazkian.

Iberiar Penintsula eta Europako kontinentearen artean kokatutako mendilerro luzea da. Guztira, 430 km inguru ditu mutur batetik bestera, Bizkaiko golkotik hasita Mediterraneoraino. Euskal Herria mendilerro honen mendebaldeko zatian dago.

Euskal Pirinioak ez daude mendilerro honetako mendirik altuenen artean eta, oro har, ez dira oso mendi garaiak; izan ere, Pirinioetako mendirik garaienak 3.000 m baino gehiagokoak izaten dira, eta euskal Pirinioetako mendirik altuena Hiru Erregeen Mahaia da, 2.438 metrorekin. Euskal Herriaren barruan, tontorrik garaienak Nafarroan eta Zuberoa daude: Ezkaurre (2.050 m) eta Arlas (2.044 m) Nafarroan, eta Orhi (2.017 m) Zuberoa eta Nafarroa artean. Euskal Pirinioetako mendi hauek, esan bezala, ez dira oso garaiak, baina bai oso aldapatsuak; haitzarte sakonak egon ohi dira haien artean, ibaien jarduera biziaren eraginez. Dena dela, iparraldeko isurialdean, erliebea askoz leunagoa da hegoaldekoan baino, haran zabal eta sakonune txikiekin.

Mendien osaera-materialei begiratuta, granito, arbel, kuartzita eta eskistoz osatutako mendiak dira, baina hareharriak, kareharriak eta konglomeratuak ere badaude.

Kanpoko mendikateak ere sartzen dira erliebe-unitate honetan; hau da, Pirinioen hego isurialdetik Ebroko sakonunera bidean daudean: Erreniega, Alaitz, Izko eta Leireko mendikateak. Dena dela, mendikate hauek ez dira jarraituak, ez dute loturarik euren artean.

Euskal mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal mendien mapa topografikoa.

Euskal mendiak Kantauriar mendikatearen eta Pirinioen artean dauden mendiak dira, bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita Nafarroako Foru Erkidegoan ere kokatuak. Ez dira oso mendi altuak (tontorrik altuenak 1.500 m inguru ditu). Mendi hauetako arrokarik ohikoena kareharria da, baina badira beste material batzuez osatutako mendiak ere; adibidez, Aiako Harria, granitoz osatua. Bide batez, Aiako Harria (Gipuzkoa, Nafarroako mugatik hurbil), askoren iritziz, euskal Pirinioetako lehen mendia da mendebaldetik hasita, baina, nolanahi ere, Nafarroako Pirinioetako tontorrekin konparatuta, askoz txikiagoa da bere 837 metroekin.

Eremu honetan, hainbat mendilerro daude, gehienak mendebalde-ekialde ardatzean kokatuak, itsasoarekin paraleloki. Honako hauek bereiz daitezke:

Uren banalerrotik iparraldera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde menditsua da, eta itsasotik zenbat eta hurbilago, eta altuera txikiagoko mendiak daude. Eskualde honetako mendiak honela sailka ditzakegu:

  • Kostaldeko mendiak: itsasotik hurbilen daudenak dira, Gipuzkoaren erditik hasi eta Bizkaiko mendebaldeko muturreraino; ez daude mendilerro batean elkarturik. Ez dute garaiera handirik, gehienak 1.000 metrotik beherakoak dira. Hori bai, zenbat eta ekialderago, orduan eta altuagoak dira. Aipagarrienak Ernio (1.075 m), Erlo (1.026 m), Oiz (1.029 m) eta Ordunteko mendilerroa dira.
  • Erdiko ibaibideetako mendiak: Uren banalerrotik hurbilago daudenak dira, iparraldeko isurbideko ibai nagusien erdiko ibaibideen aldean. Ez dira 1.000 m-tara iristen. Izazpi (972 m), Murumendi (867 m) eta Urko (793 m) mendiak dira Gipuzkoan, eta Ganekogorta (998 m), Eretza (887 m) eta Sollube (684 m) mendiak Bizkaian.

Uren banalerroko mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Isurialde kantauriarraren eta mediterranearraren arteko muga markatzen duten mendi eta mendilerroak dira. Euskal Herria bi zati ezberdin samarretan erdibitzen dute, 100 km inguruko lerro batean, mendebalde-ekialde ardatzean.

Salbada mendilerroan hasten dira mendebaldean, eta Gorbeia eta Anboto mendiak (Araba eta Bizkaia artean), Aratz eta Aizkorriko mendilerroa eta Urkilla eta Elgeako mendilerroak (Araba eta Gipuzkoa artean) eta Aralar mendilerroak (Gipuzkoa eta Nafarroa artean) dira.

Mendirik aipagarrienak Aitxuri (1.551 m), Gorbeia (1.475 m) eta Irumugarrieta (1.400 m) dira.

Uren banalerrotik hegoaldera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemengo lurraldea lauagoa da, eta mendilerroak eta lautadak topatzen dira tartekaturik. Altuera gutxiagoko mendiak dira gehienak. Euskal mendietako uren banalerrotik hegoaldera, sakonune bat dago: Arabako lautada. Honek 675 km2 ditu guztira, eta bi ibai aipagarri daude, Zadorra eta Araia ibaiak. Honako mendi eta mendilerroak daude hemen:

  • Arabako mendebaldeko mendilerroak: Badaia, Arkamu, Gibijo, Salbada eta Arrato mendilerroak. Arabako lautada mendebaldetik ixten dute.
  • Erdialdeko mendilerroak: Entziako eta Iturrietako mendilerroak eta Gasteizko mendiak (Araban), Urbasako eta Andiako mendiguneak (Nafarroako mendebaldean). Arabatik Nafarroaraino doaz, mendebalde-ekialde ardatzean.

Ebroko sakonunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebro harana.

Ebroko harana Iberiar penintsulako ipar-ekialdean dagoen eskualde luzea da, Ebro ibaiak zeharkatzen duena. Haran zabal hau Kantabriar mendikatetik Mediterraneoraino iristen da eta triangelu forma du; haren iparraldeko muga Pirinioak dira, hegoaldekoa, berriz, Iberiar sistema; eta, ekialdean, Kataluniako itsasertzeko mendilerroak. Guztira 40.000 km²-ko azalera eta 840 km-ko luzera du. Iberiar penintsula eta europar kontinentea banatzen dituen faila baten gainean kokatuta dago, antzinako itsaso baten gainean.

Ebroko sakonunea, beraz, Euskal Herri barruan dagoen Ebro ibaiaren haran zatia da. Gutxi gorabehera, paraleloki kokatuta dago Pirinioekiko. Toloño, Andia, Urbasa eta Izko mendilerroak ditu muga iparraldetik, eta Ebro ibaia bera hegoaldetik. Nafarroaren barruan, Uxueko mendilerroa eta Bardeetako basamortua dira aipagarriak. Bertan kokaturik dago Arabako Errioxa eta gero eta eremu zabalagoa hartzen joaten da Nafarroako hegoalderantz.

Akitaniako sakonunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akitaniako sakonuneko mapa topografikoa.

Erliebe-unitate hau Pirinioetako ipar isurialdeko maldek altuera galtzen duten ingurutik iparralderantz hedatzen dena da. Ipar Euskal Herrian hasi eta europar kontinenterantz zabaltzen da. Aturri ibaiarena da ibai-arro nagusia.

Ipar Euskal Herriko erliebea askoz leun eta uniformeagoa da, malda gutxiko muinoekin. Kostaldea ere gorabehera askoz gutxiagokoa da Hegoaldean baino, hondartza luzeekin eta duna ugarirekin.

Lapurdin, itsasotik lehorrera, erliebea poliki goratzen joaten da, Larrun (900 m) mendiraino; eskualde hau ordokiz eta gehienez ere 500 m dituzten muinoez osatua dago.

Nafarroa Behereko hegoaldean hasten dira Pirinioak, eta probintziako mendirik garaiena Okabe da (1.456 m). Baina, handik hasi eta iparralderantz, mendiak askoz apalagoak dira, 500 eta 1.000 m bitartekoak.

Zuberoan ere bi eremu bereizten dira geografiaren ikuspegitik: Zuberoa Garaia (Atharratze-Sorholüzeko kantonamendua) eta Zuberoa Beherea (Maule-Lextarreko kantonamendua). Zuberoa Garaia Pirinioen bihotzean dago eta oso eskualde menditsua da. Orhi mendia (2.021 m) da eskualde honetako tontorrik garaiena. Zuberoa Beherea, aldiz, 700–800 m inguruko muinoz osatutako eskualdea da, zenbat eta iparralderago, orduan eta apalagoa. Muino-aldearen eta mendialdearen artean, Arbailako mendigunea dago; oso larre onak dituenez, behi eta ardi ganadu askoren bazkaleku da.