Vikidiatik

Euskara batua

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Arantxa Urretabizkaia idazlea, euskara batuaren sorreraz eta h hizkiaren arazoaz.

Euskara batua Euskaltzaindiak proposatutako euskararen aldaera estandarra da. Euskalkien artean elkar ulertze arazoak gainditzeko eta hizkuntza era garbian arautzeko sortu zen. Koldo Mitxelena, Txillardegi eta Luis Villasante izan ziren euskara batuaren bultzatzaile nagusiak.

Euskara batzeko asmo bat baino gehiago da historian zehar; izan ere, hizkuntza batua edo estandarra izatea oso beharrezkoa izaten da hizkuntzaren forma edo aldaera bat bakarrik erabili ahal izateko bai Administrazioan (udaletxeetan, aldundietan etab.), bai eskola eta unibertsitateetan edo hedabideetan (egunkari eta aldizkarietan, irratian eta telebistan). Baina 1968ra arte ez zen posible izan; urte hartan egin zuen Euskaltzaindiak bilera edo biltzar bat Arantzazun (Oñatin); bertan, hainbat euskal hizkuntzalari eta idazlek hartu zuten parte, euskara batuaren oinarrizko arauak erabakitzeko: bereziki, ortografia, morfologia, deklinabidea eta neologismo edo hitz berriei buruzko arauak.

Euskararen batasunerako, gipuzkeraren aditza eta erdialdeko euskalkietako aldaerak (gipuzkera eta lapurtera) hartu ziren oinarritzat, baina gainerako euskalkien berezitasunak eta aldaerak ere kontuan hartuta. Batuaren arauketa nagusia bukatuta dago, eta gizarte euskaldunaren erabateko adostasuna du gaur egun; dena den, arauketa hori ez dago erabat amaituta oraindik, erabaki beharrekoak diren puntu asko daudelako eta ateratzen direlako beti. Hori hala da, hizkuntza bizirik den zerbait delako, behar berriak ase behar dituena etengabe, hizkuntza bera garai berrietara eta behar berrietara egokitzeko. Horrela bakarrik da posible frantsesaren eta gaztelaniaren nagusitasunari aurre egitea, euskarak bizirik iraun dezan, eta kultura-hizkuntza izan dadin.