Foru

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Nafarroako foruei eskainitako monumentua, Iruñean.

Foruak leku edo lurralde bateko usadio eta ohiturak biltzen eta finkatzen dituzten arau idatziak dira, bai eta erregeak edo jaunak hiribildua osatzen zuen komunitate bati emandako arau, pribilegio, eskubide eta betebeharrak ere.

Euskal Herrian, aipatutako usadio eta ohitura horiek ez ziren XIV. mendera arte jaso idatziz; ordura arte, ahoz transmititzen ziren eta, horregatik, denboran zehar aldatuz joan ziren. Foruak ez ziren berdinak lurralde guztietan, baina bai antzekoak. Gehienbat, foruek jarduera ekonomikoekin zerikusia zuten arauak biltzen zituzten, eta zergak ere jasotzen ziren bertan. Bestalde, biztanleei halako zuzenbide zibil eta juridiko bat ere ematen zien.

Euskal foruen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal lurraldeek (Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusiek eta Nafarroako gorteek) eduki zituzten foruetan, honako ezaugarri hauek aipa daitezke:

  • Soldadutza egin beharrik ez: euskal lurraldeek ez zuten soldadurik bidali behar Erreinuko gerretara, lurralde horiek zuzenean mehatxatuta zeudenean izan ezik.
  • Zergak ordaindu beharrik ez erreinuko Ogasunari: euskal lurraldeek ez zioten ordaindu behar izaten erreinuko Ogasunari. Erregeak borondatezko zerga, dohaintza edo laguntzak bakarrik jaso zitzakeen. Gainera, aduanak euskal lurraldeen barruan jarri zirenez, atzerriko produktuak inportatzeko askatasuna zeukaten, eta produktu horiek Gaztelara eramateko baino ez ziren ordaindu behar zergak.
  • Kaparetasun unibertsala: biztanle guztiak berdinak ziren legearen aurrean eta zenbait pribilegio zituzten (zergarik ordaindu beharrik ez, armak eraman zitzaketen eta halako eskubide politiko batzuk).
  • Maiorazkoa: familietan, herentzia oinordeko bakar bati uzten zitzaion, maiorazko edo seme zaharrenari, alegia. Horrela, familiaren jabetzak ez ziren sakabanatzen eta gutxitzen. Baina, horren ondorioz, beste senideak baliabide ekonomikorik gabe geratzen ziren, eta horregatik elizgizon edo monja bihurtzea edo soldadu sartzea beste aukerarik ez zitzaien geratzen.
  • Foru-baimena: euskal lurraldeek erabaki zezaketen Erregearen erabakiak egokiak ziren ala ez; desegokitzat hartzen zirenei kontraforu deitzen zitzaien, foruen kontra zihoazelako, eta euskal erakundeek Erregearen erabakia ez betetzea erabaki zezaketen. XV. mendetik XIX. mendera arte erabili zen.
  • Merkataritza eta ekonomiarako autonomia: euskal lurraldeek zerga batzuk kentzea erabaki zezaketen, edota monopolioen kontrako arauak indarrean jartzea, bai eta industriak (burdinolak, batez ere) abian jartzeko baimenak ematea ere.

Beraz, foruek autonomia-maila nahiko handia eman zieten euskal lurraldeei; adibidez, zenbait gairi buruzko legeak egin zitzaketen, baina beti ere Erregearekiko leialtasunaren barruan. Leialtasun hori berresteko, Gaztelako erregeek euskal lurraldeetara joan behar izaten zuten foruak zin egiteko, hau da, foruak errespetatuko eta zainduko zituztela hitz emateko.