Vikidiatik

Fosil

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Amonite baten fosila.

Fosilak duela milaka urte bizi izandako landare, animalia edo gizakien gorputzek utzitako hondakin edo aztarnak dira, harri bihurtuak. Haiei esker, zientzialariek aspaldiko izaki bizidun horien ezaugarriei eta bizitzari buruzko gauza asko jakin ditzakete. Arrazoi horrengatik, fosilak oso garrantzitsuak dira gure planetako iraganari buruzko hainbat datu ezagutzeko; paleontologia deitzen da historiaurreko izaki bizidunak eta fosilak aztertzen dituen zientzia.

Fosil gehienak garai batean urpean zeuden lursailetan aurkitzen dira. Izaki bizidunen atal gogorretatik (oskol edo hezurretatik) eratu dira. Izaki biziduna hiltzen zenean, itsas hondora erortzen zen. Denborarekin, hondarra, lokatza eta beste mineral batzuk metatzen ziren haien gainean, eta, denbora gehiago igarotzen zenean, geruza horiek denak harri bihurtzen ziren. Bertan geratutako izaki bizidunen hondakinak ere mineralizatu egiten ziren eta haiek ere harri bihurtzen ziren. Fosila harri horretan geratutako izaki bizidunaren forma da.

Beste fosil mota batzuk ere badaude, ordea. Izan ere, lokatzetan edo antzeko material bigunetan geratutako arrastoak ere fosil bihur daitezke, prozesu berberarekin. Adibidez, dinosauroen oin-arrastoak ere fosildu dira, batzuetan, baita aspaldiko gizakien oin-arrastoak ere edo hostoak eta bestelako landare-zatiak ere.

Fosilei esker ezagutzen ditugu oso aspaldian desagertutako hainbat izaki bizidun, amoniteak edo dinosauroak, esate baterako. Amoniteak, adibidez, itsas animalia batzuk ziren, duela 300 milioi urte baino gehiago desagertu zirenak; eta dinosauroak duela 65 milioi urte gutxienez desagertu ziren guzti-guztiak.

Fosilizazio-prozesua iruditan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia hil, lurpean geratu, fosildu eta paleontologoek aztarnategian haren fosila aurkitu eta aztertu arteko prozesua.