Gabriela Mistral

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Gabriela Mistral, 35 urte zituela.

Gabriela Mistral irakasle eta idazle txiletar bat izan zen. Lucila Godoy Alcayaga zuen izena. Vicuñan jaioa (Txile, Elqui probintzia) 1889ko apirilean, New Yorken (Estatu Batuak) hil zen 1957ko martxoan.
Hurrenez hurren landa maistra, neskatxen lizeo bateko zuzendaria eta Unibertsitateko irakaslea (baita New Yorken) izan zen. Bizitzaren amaieran Txileren zerbitzura aritu zen diplomatiko lanetan (bere herrialdeko kontsula izan zen Europako eta Amerikako zenbait hiritan).

Gabriela Mistral izengoitia aukeratu zuen Gabriele d'Annunzio idazle italiarraren eta Frédéric Mistral idazle frantsesaren ohoretan, bere poetarik gustukoenak zirelako.

Mila bederatziehun eta hamalauko abenduan lehenengo saria irabazi zuen FECh-ek Santiagon antolatutako “Lore Jokoak” literatura lehiaketan Sonetos de la muerte lanarekin. Desolación lehen maisulana New Yorken argitaratu zen 1922an.

Mistralen lana bidegabekeriaren eta koldarkeriaren aurkako protesta da. Gizadiaren zintzotasuna abesten du: umeei, ama ezkondu edo ezkongabeei, baserritarrei, eriei… abesten die. Haren ustez, gizaki guztiak senideak gara.

Gabriela Mistralek literaturako Nobel Saria irabazi zuen 1945ean. Estatu Amerikarren Erakundeak “Gabriela Mistral” izena zeraman Kulturako Sari Latinamerikarra sortu zuen 1979an, lehenengo aldiz 1984an eta azkenekoz 2000. urtean eman zena.

Bere testamentuan, Gabriela Mistralek xedatu zuen bere liburuen salmentarekin Hego Amerikan ateratzen zen diruak Montegrandeko umeentzako izan behar zuela, Txileko hiri horretan bizi izan zituelako bere haurtzaroko urterik hoberenak.