Vikidiatik

Gamal Abdel Nasser

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Gamal Abdel Nasser.

Gamal Abdel Nasser (1918ko urtarrilak 15, Alexandria – 1970ko irailak 28, Kairo) Egiptoko Arabiar Errepublikako bigarren presidentea izan zen, Mohammed Naguiben ostean.

Nasser lehen ministro izan zen 1954 eta 1956 bitartean, eta gero Errepublikako presidente, 1956tik 1970ean hil zen arte.

Bere agintaldiko gertakari garrantzitsuenak Bandungeko Konferentzian parte hartzea (1955eko apirila), Suezko krisia (1956) eta Sei Egunetako Gerra (1967) izan ziren.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren mailako ikasketak amaitu ondoren, Nasser eskola militarrean sartu zen, eta ofizial izateko prestatu. Israelen aurkako 1948ko gerraren ostean, Faruk erregea kargutik bota zuen estatu-kolpean hartu zuen parte 1952an. Bere burua Egiptoko presidente izendatu zuen; zeregin horretan, Egiptoren modernizazio ekonomikoa sustatu zuen (erreforma ugari egin zuen nekazaritzan eta industrian), bai eta neutraltasun politika ere (Bandungeko Konferentzia, 1955).

1956an Suezko kanala nazionalizatu zuen, eta horrek krisialdia piztu zuen Britainia Handia eta Frantziarekin; garaile atera zen krialditik, Sobietar Batasunaren eta Estatu Batuen sostenguari esker. Alabaina, ez zuen lortu herrialde arabiarrak batzea: Siriarekin eginiko batasuna laburra izan zen, eta Yemengo gerra zibilean ere ez zuen emaitza positiborik lortu.

Sei Egunetako Gerra galdu zuen Israelen aurka (1967), eta ondorioz baita Sinaiko penintsula ere; horren ostean, dimisioa eman zuen, baina manifestazio jendetsuek eskatuta, berriro itzuli zen herrialdearen presidentziara. Egiptoko gobernuaren buru aritu zen, 1970eko irailaren 28an hil zen arte.