Gernikako Arbola

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Gernikako arbola.

Gernikako Arbola euskaldunon askatasunaren ikurra da. Haritz bat da, izatez, eta Gernikan dago (Bizkaia), Batzar Etxearen aurrean.
Lehenengo lehendakariak, Jose Antonio Agirrek, Gernikako Arbolaren pean hartu zuen kargua, eta, geroztik, hantxe egiten dute zin lehendakari izendatu berriek.
Dirudienez, XIV. mendean landatu zuten aurreneko haritza; gaur egun dagoena bosgarrena da, aurrekoen «semea», aurrekoen ondorengoa.
Iparragirre olerkari eta abeslari ezagunak kantu bat sortu zuen Arbolaren omenez, Gernikako arbola izenekoa.

Abestia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparragirrek sortu eta kantatu zuen abestiak berehala lortu zuen arrakasta. Ahoz aho ibili zen sortu zenetik, 1853an. Iparragirre Madrilen zegoen abestia sortu zuenean.Gernikako arbolaren eta Euskal Herriko foruen omenez idatzitako abesti edo zortzikoa da.

Batzuek abesti hau nahi zuten Euskadiko ereserki edo himno izateko baina, bozkatu ondoren, beste abesti bat hautatu zen.

Dena den, 2007an Bizkaiko ereserki izateko hautatu zuten.

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abestiak zortzi zortziko txiki ditu. Ezagunena lehenengoa da:

1/8
Gernikako Arbola
da bedeinkatua
euskaldunen artean
guztiz maitatua.
Eman ta zabal zazu
munduan frutua
adoratzen zaitugu
Arbola santua

  • Zortziko honetako bosgarren lerroa euskal erakunde ezagun baten leloa da. Ea aurkitzen duzun zein erakunderen leloa den.