Giuseppe Verdi

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Giuseppe Verdi (1813 – 1901) Italian jaiotako operagile bat izan zen, Erromantizismo deitutako garaikoa. Haren lanik ezagunenak La traviata, Rigoletto, Aida, Otello edo Nabucco dira, besteak beste.

Giuseppe Verdi.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giuseppe Verdi Le Roncole izeneko herri batean jaio zen 1813an, Parmako dukerrian; garai hartan, dukerria Frantziaren mende zegoen. Herri hartan jaso zituen musikako lehen lezioak Ferdinando Provesiren tutoretzapean. Konpositoreak Busseto hirian hasi zituen ikasketak, Antonio Barezzi izeneko merkatari baten laguntzari esker. Berehala, hiriko elizako organo-jotzaile bilakatu zen eta 1833an Milango kontserbatorioan ikastera sartzea lortu zuen.

Barezziren alabarekin ezkondu zen, baina 1838-1840 bitartean emaztea eta bi seme-alabak hil zitzaizkion.

1842an lehen opera arrakastatsua lortu zuen, Nabucco-rekin eta horri esker Italiako musikagilerik ospetsuenetako bat bihurtu zen, nahiko gaztea izan arren. Opera estreinatu zuenean, Garibaldi eta haien jarraitzaileak Italia batzeko borrokan ari ziren. Eta Verdik, nahi gabe, austriarren aurkako borroka horri soinu banda jarri zion Nabuccoren bidez.

Londresen eta Parisen bizi ondoren, 1849an Bussetora itzuli eta han bizi izan zen bere bigarren emazte Giuseppina Strepponi kantariarekin. 1860an politikan parte hartu zuen eta Italiako lehen legebiltzarreko diputatua izatera iritsi zen. Garai hartan, Verdi izan zen Europako operetan gehien antzezten zen egilea. Verdik dramaren eta musikaren arteko batasuna lortzen ahalegindu zen. Guztira, 26 bat opera idatzi zituen, eta baita eliza-musika, kamera-musika eta kantuak ere.