Vikidiatik

Giza eskubideak

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Giza Eskubideen Adierazpena, Frantziako Batzar Nazionalak 1789an onartua.

Giza eskubideak pertsona guztiek, gizaki izateagatik, izan behar ditugun eskubideak dira. Giza eskubideen oinarria da gizaki guztiok berdinak garela gizaki bezala ditugun eskubideetan, edozein izan arren gure sexua, adina, nazionalitatea, jatorria, erlijioa, hizkuntza, sexu-joera, posizio ekonomikoa edo bestelako ezaugarriak.

Funtsezkoena da gizaki guztiek dutela bizitzeko eskubidea, bai eta nahi ditugun sinesteak edo iritziak izatekoa ere. Gizarte demokratikoetan, jende gehienak pentsatzen du gobernuek babestu eta bultzatu behar dituztela pertsona guztien giza eskubideak.

Giza eskubideak ez dira nahasi behar eskubide zibilekin: azken hauek Estatu bakoitzeko lege eta konstituzioetan jasota dauden eskubideak dira. Adibidez, gidatzeko baimena ateratzea hiritarren eskubide zibila da; baina eskubide hori mugatuta egon daiteke baldintza batzuen arabera: leku gehienetan, adin nagusitasuna izan arte ezin da gidatzeko baimena atera. Aldiz, giza eskubideak gizaki guztiok gizaki izateagatik ditugunak dira eta ezin dira mugatu; askatasuna da, adibidez, giza eskubidea.

Hain zuzen ere, giza eskubideek mugatu behar dute gobernuen boterea. Adibidez, askatasuna giza eskubidea da, eta Gobernu edo Estatuek delituren bat egin duen pertsonaren askatasuna bakarrik muga dezake, beste inorena ez. Beste kasu batzuetan, giza eskubideek obligazio edo betebeharrak jartzen dizkiete gobernu eta estatuei: adibidez, hezkuntzarako eskubidea bete ahal izateko, gobernu eta estatuek doaneko hezkuntza eskaini behar diete hiritar guztiei. Beste giza eskubide batzuek, azkenik, mundu mailako kolaborazio eta elkarlana eskatzen dute: adibidez, bakean bizitzeko eskubidea bete ahal izateko.

Giza eskubideen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako gizarteetan, jendeari ez zitzaion ia inolako eskubiderik aitortzen; jende gehienak obligazio eta betebeharrak besterik ez zuen agintarien aurrean. messi y tambien me gusta el futbol.

Antzinako greziar eta erromatarrak hasi ziren lehen aldiz pentsatzen jendearen eskubideei buruz. Erromako estoikoek, adibidez, lege naturala deitzen zuten zerbait zegoela uste zuten; haien arabera, lege natural horiek zenbait eskubide ematen zizkion mundu guztiari, baita Erromako herritartasuna ez zutenei ere.

Baina, geroago, XVII. mendera arte ez zen berriro hitz egin giza eskubideen antzeko ezeri buruz. Mende horretatik aurrera, Ilustrazioa edo Argien Garaia deitzen den mugimendu kultural eta intelektuala sortu zen. John Locke pentsalari ingelesak idatzi zuen gizabanakoaren eskubideak gobernuak baino lehenago daudela. Frantzian, Jean-Jacques Rousseau pentsalariak esan zuen gobernuen ardura dela norbanakoaren eskubide horiek babestea eta zaintzea. "Gizakiaren eskubideak" hasi ziren aipatzen gero eta gehiago.

Amerikako Iraultzarekin (1775-83) eta Frantziako Iraultzarekin (1789) are gehiago zabaldu ziren ideia hauek. Estatu Batuen Independentzia Adierazpenean jasota geratu zen "gizaki guztien" eskubide zirela "bizitza, askatasuna eta zorionaren bilaketa". Frantzian, Gizakien eta Herritarren Eskubideen Adierazpena idatzi zen 1789an.

Hala ere, baita Estatu Batuetan ere, jende guztiak ezin zituen betearazi bere giza eskubideak. Esklaboek ez zeukaten eskubiderik, eta emakumeek ere oso eskubide mugatuak zituzten. Estatu Batuetako esklaboek XIX. mendearen ia bukaera arte ez zituzten aitortuta ikusi beren giza eskubideak; eta emakumeek ere, herrialde askotan, XX. mendera arte ez zuten lortu gizonen eskubide berberak edukitzea.

Giza eskubideak II. Mundu Gerratik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

II. Mundu Gerran milioika pertsona hil ziren, baita gerran parte hartu ez bazuten ere. Alemaniako naziek 6 milioi pertsonatik gora hil zituzten, adibidez, juduak izateagatik bakar-bakarrik (hau da, beraien erlijio edo jatorriagatik), bai eta beste pertsona asko ere beste arrazoi batzuengatik. Nazioarteko auzitegi batek nazien buruzagi batzuk epaitu zituen "Gizateriaren aurkako krimenak" egiteagatik. Gerrako basakeriak eta, bereziki, juduek jasandako Holokaustoak argi erakutsi zieten herrialde askori beharrezkoa zela mundu guztiaren eskubideak babestea mundu osoan.

Herrialde horietako batzuek Nazio Batuen Erakundea (NBE) sortu zuten, horregatik, 1945ean. Geroago, 1948an, NBEk Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala deritzana plazaratu zuen; aldarrikapen honek 30 atal edo artikulu ditu eta bertan aipatzen dira gizaki guztiek mundu osoan eduki behar dituzten giza eskubideak. Gainera, Giza Eskubideen Eguna ere ezarri zuten, urtero abenduaren 10ean ospatzeko.

Nazio Batuen Erakundeak badu, gainera, Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoa deitzen dena. Bulego honetan, beste hainbat talderekin lanean aritzen dira mundu osoan gizon, emakume eta umeen eskubideak babestearren.