Globulu zuri

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Giza odolaren irudia, mikroskopio elektroniko bidez: leukozitoak itxura irregularrekoak dira.

Globulu zuriak edo leukozitoak odolean dauden zelula batzuk dira, organismoa babesten dutenak (immunitate-sistemaren parte bat dira): infekzio baten eraginez odolean dauden mikrobioak hiltzen dituzte.
Hala ere, globulu zuri guztiek ez dituzte mikrobioak hiltzen zuzenean. Batzuek antigorputzak deritzen molekula edo proteina batzuk fabrikatzen dituzte, eta antigorputz horiek dira mikrobioak hiltzen dituztenak.

Beraz, globulu zuriek bi modutara hiltzen dituzte infekzioetako mikrobioak:

  1. Mikrobioa zuzenean «irentsi» edo fagozitatu egiten dute.
  2. Antigorputz bat itsasten diote mikrobioari eta horrek suntsitzen ditu.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Globulu zuriek nukleoa eta mitokondriak dituzte (globulu gorriek ez).
Gizakion gorputzean, 6.000 eta 9.000 bitarte globulu zuri daude odol milimetro kubiko bakoitzean, eta plaketekin batera odolaren %1a baino ez dute osatzen.

Globulu zurien artean, bost mota daude:

  • Linfozitoak: antigorputzak sortzen dituztenak dira.
  • Basofiloak: gorputzeko infekzioetan parte hartzen dute, halako substantzia kimiko batzuk jariatuz.
  • Eosinofiloak: alergien kontra borrokatzen direnak.
  • Neutrofiloak: zenbait birus eta bakterio suntsitzen dituzte.
  • Monozitoak: mikrobioak fagozitatzen dituzte.

Globulu zurien zenbaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Odol-analisi baten bidez, odolean zenbat globulu zuri ditugun jakin daiteke, hemograma deitzen den operazio baten bidez. Normalean, odolean ez dago globulu zuri asko, 6.000 eta 9.000 bitartean, esan bezala. Hori baino gehiago egonez gero, horrek esan nahi du gaixorik gaudela eta, orduan, medikuek gaixotasun hori bilatu behar dute. Beraz, hemogramak edo globulu zurien kontaketak oso lagungarriak dira gaixorik ote gauden jakiteko.

Odoloean globulu zuri gehiegi daudenean, leuzemia (odoleko minbizia) izatea gerta daiteke. Leuzemia mota asko daude, baina guztietan ezaugarri berbera aurkitzen da: odoleko globulu zurien gehiegizko pilaketa dago, kasu gehienetan; izan ere, antzekoa gerta daiteke globulu gorriekin eta plaketekin ere.