Gorila

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan

Gorila primateen familiako animalia ugaztun bat da, eta gaur egun bizirik dagoen primate motarik handi eta indartsuena. Naturan, Erdialdeko Afrikako oihanetan bizi da bakarrik, txinpantzeak bizi diren inguru berberetan. Bi espezie eta 4 azpiespezie ezagutzen dira. Gizakiengandik hurbilen dagoen espezieetako bat da: izan ere, euren DNAren % 98-99 gizakienaren bera da.

Mendiko gorilak.

Gizaki helduen antzeko tamaina dute, baina askoz pisu handiagoa: 1,80 m inguru luze eta 200 kg izatera hel daitezke. Emeek, berriz, pisu erdia izaten dute. Besoak hankak baino luzeagoak dituzte eta sudurra motza eta zapala. Lepo labur-gihartsua dute, bularra sendoa eta besoak eta hankak oso trinkoak. Emea 250-270 egun egoten da ernari eta ume bakarra egiten du ernaldi bakoitzean.

Bi gorila mota bereizten dira: mendebaldeko gorila (Gorilla gorilla) eta ekialdeko gorila (Gorilla beringei).

Bartzelonako zooan Elur-Malutatxo izeneko gorila albino ezaguna bizi izan zen 1966 eta 2011 urteen artean.

Gorilak desagertzeko arrisku handian daude. Gizakiak baso asko botatzen ari dira gorilak bizi diren inguruetan, janaritarako landareak landatzeko; gainera, ehizatu ere egiten dituzte, ezkutuka, eta, batzuetan, gatazka armatuak egoten dira haien lurretan.

Nola bizi dira gorilak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorila umea.

Gorilek hostoak jaten dituzte batez ere; haietatik lortzen dute behar duten janari eta edari gehiena, horregatik oso gutxi edaten dute. Frutak ere jaten dituzte, bai eta intsektuak edo bestelako zomorro txikiak ere. Goizean jaten dute, eguerdian lau bat orduko atsedena egiten dute eta arratsaldean berriro jaten dute, lotarako habia prestatzen hasi baino lehen.

Animalia taldekoiak dira, beste gorilen artean bizitzea gustatzen zaie. Ale gutxiko taldetan bizi dira normalean, baina 40 izatera ere irits daitezke. Talde bakoitzean, gorila nagusi bat dago (batzuetan, "alfa-arra" deitzen zaio, alfa delako greziar alfabetoko lehen letra); zaharrena izaten da, eta horregatik izaten dute bizkarreko ilea zurituta, baina baita indartsuena ere. Baina gorila nagusia asko zahartzen denean, beste ar indartsuago batek borroka egin nahi izango du haren kontra, taldeburu bihurtzeko.

Talde bakoitzak bere lurraldea izaten du. Taldeak ez dira elkartzen, eta horrela ez da egoten haien arteko liskarrik.