Vikidiatik

Greba

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Kale-garbitzaileen grebaren ondorioz, kaleak garbitu gabe geratzen dira.

Greba lanarekin lotutako arrazoiren bategatik protestatzeko langileek lanera joateari uko egitea da. Ohikoena izaten da langileak grebara joatea soldata hobea lortzeko edo lan baldintzak hobetzeko.

Lanera ez joatean, ugazaba edo nagusiak presionatzen dituzte hobekuntza horiek onartzeko: fabrika edo negozio batek ezin du funtzionatu langilerik gabe, eta beraz, greba batean, enpresek etekinak edo irabaziak galtzen dituzte; modu bat da langileek beren aldarrikapenetan indar gehiago edukitzeko. Hala ere, grebek ere kalteak eragiten dizkiete lanera ez doazen langileei, ez dutelako haien soldata jasotzen greban dauden bitartean. Horregatik, grebak normalean langileen azken baliabidea izaten dira uste dutenean ezin dituztela beren helburuak lortu beste modu baten bidez.

Grebak sindikatuek antolatzen dituzte, hau da, langileen eskubideak defendatzen dituzten antolakundeek. Sindikatuak, Mendebaldeko munduan, greben bidez langileek lortu duten beste eskubide baten ondorio dira; izan ere, denbora luzez, sindikatuak debekatuta egon ziren herrialde askotan. Adibidez, Erresuma Batuan ez ziren legalizatu 1871. urtera arte; Estatu Batuetan langileen eskubideak sindikatu bat antolatzeko eta greba egiteko ez ziren guztiz bermatu 1935. urtera arte. Espainiar estatuan, lehenengo sindikatuak XIX. mendean sortu ziren, baina Francoren diktaduran zehar debekatuak izan ziren eta klandestinoki funtzionatu behar izan zuten; 1977. urtera arte ez ziren legalizatuak izan.

Gaur egun, greba langileen eskubidetzat aitortzen da, herrialde demokratikoetan behintzat. Horregatik, greba egiteko eskubidea arau batzuen menpe dago eta lege batek arautzen du. Hori dela eta, ezberdintasunak daude herrialde batetik bestera. Adibidez, herrialde batzuek langile guztiei aitortzen diete grebarako eskubidea, baina beste batzuek, ordea, greba politikoak edo langile publikoen grebak debekatzen dituzte, eskoletako irakasleen edo polizia-agenteen grebak adibidez.

Langileen mugimenduen historian zehar, nagusiek zenbait taktika erabili dituzte grebei aurre egiteko. Batzuetan, poliziari deitzen zioten edo enpresa pribatuak kontratatzen zituzten grebak indarraren eta bortizkeriaren bidez geldiarazteko. Noizbait, gobernuek soldaduak bidaltzen zituzten grebak geldiarazteko. Enpresek, bestalde, langileak kontratatzen zituzten, greba egiten zeuden langileak ordezkatzeko. Langile hauei "eskirol" deitzen zaie; orokorrean, lanik ez duten pertsonak izaten dira eta egoera ekonomiko zail batean egoten dira, eta horregatik greban dauden langileek onartzen ez dituzten soldata eta lan-baldintzak onartzeko prest daude.