Vikidiatik

Grimm anaiak

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Grimm anaiei eskainitako estatua.

Grimm anaiak, Jacob eta Wilhelm Grimm, Europa osoko ipuin-biltzaile ezagunenetarikoak izan ziren. Alemanian jaio ziren XVIII. mende amaieran.

Bizitza eta lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiko gazteak zirenean hasi ziren herri-ipuinen bilduma egiten, jendeak kontatzen zizkienean idatziz. 1812an Haurrentzako eta etxeko ipuinak deitzen zen lehen ipuin-bilduma argitaratu zuten, baina gaur egun Grimm Anaien Ipuinak izenburuaz da ezagunagoa. Ipuin ezagunenen artean daude Edurnezuri, Hamelingo Txirularia, Rapuntzel, eta Txanogorritxo. Liburu horren lehenengo itzulpena ingelesera egin zen 1823an, eta gaur egun haien ipuinak mundu osoan dira ezagunak, baita euskaraz ere.

Lehenengo liburu horren ondoren ere jarraitu zuten ipuinak argitaratzen, eta 200 ipuin argitaratzera iritsi ziren. Batzuetan, entzuten zituzten ipuinak aldatu egiten; aldaketa horiekin, haien ikuspuntu erlijioso, politiko edo moralak sartu zituzten ipuinetan. Kasu batzuetan, ipuinak “leundu” ere egin zituzten, haurrentzat gordinegiak edo krudelegiak zirelakoan.

Edurnezuri eta zazpi ipotxak.

Herri-ipuinak biltzeaz gain, Grimm anaiek alemanierari buruzko liburuak ere idatzi zituzten. Alemanierazko hiztegi handi bat egiten hasi ziren, hitz bakoitzarentzako azalpen bat emanez, baina ezin izan zuten amaitu; lan handiegia zen amaitu ahal izateko. Hiztegi hori ez zen 1961era arte osatu, Grimm anaiek hasi eta 123 urte gerora arte. Argitalpen horrek 33 liburuki edo bolumen ditu.

Wilhelm Grimm 1859ko abenduaren 16an hil zen Berlinen, Alemanian. Jacob ere Berlinen hil zen, 1863ko irailaren 20an. Bi anaiak elkarrekin daude lurperaturik Berlingo hilerrian. Steinau deitzen den herrian, Grimm anaiei eskainitako museo bat dago, gazteak zirenean bizi izan ziren etxean, hain zuzen ere.