Vikidiatik

Gurutzadak

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Zaldun gurutzatu bat.

Gurutzadak Erdi Aroan kristau eta musulmanen artean egon ziren hainbat guda izan ziren. Guda hauetan, Europako kristauak hainbat aldiz saiatu ziren musulmanen esku zeuden Jerusalem eta Lurralde Santuaren kontrola berriz lortzen.

Izan ere, garai hartan, orain bezala ere, Jerusalem oso garrantzitsua zen hainbat erlijiotarako: juduentzat, Salomon erregeak tenplua egin zuen tokia delako haien arabera; musulmanetzat, hiri hura Mahoma zerura igo zen tokia zela uste dutelako; eta baita kristauentzat ere, Kristo gurutzeratu eta berpiztu zen lekua dela uste baitute.

Nor borrokatu zen Gurutzadetan?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurutzadetan Europako hainbat herritako armadak (batez ere Erromatar Inperio Santuak eta Jerusalemen kontrola zuten arabiarrak borrokatu ziren. Lehenengo gurutzadan, europarrak seljuktar musulmanen aurka borrokatu ziren.

Borrokaldi haietan, Europako 30.000 soldadu inguru egon ziren; haien artean zaldun nobleak zeuden, baina baita nekazari eta herritar soilak ere. Batzuk aberasteko asmoz eta gudarako zuten trebezia erakusteko asmoz elkartu ziren armada hartara, baina beste batzuk, aldiz, zerua irabazteko asmoz, kristauen fedeari jarraituz.

Nola hasi ziren?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako gurutzada seljuktar turkiarrek Lurralde Santuaren kontrola hartu zutenean hasi zen. Honen aurretik ere izan zuten arabiarrek inguru horren kontrola, baina beti eman zieten aukera kristauei Jerusalem bisitatzeko eta bertara erromes joateko. 1070ean, seljuktarrek inguru haien kontrola hartu zutenean, kristau erromesei debekatu egin zieten erlijio horretako "lur santuak" bisitatzea.

Alejo I.a izeneko bizantziar enperadoreak Aita Santuari eskatu zion laguntza bere lurrak turkiarrengandik babesteko eta musulmanak Lurralde Santutik botatzen laguntzeko. Aita Santuak armada bat batzen lagundu zuen, batez ere frankoen laguntzarekin eta Erromatar Inperio Santuarenarekin.

Zenbat gurutzada egon ziren?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1095etik aurrera, 200 urtetan, hainbat gurutzada egon ziren:

  • Lehenengo gurutzada (1095-1099): arrakastarik handiena lortu zuen gurutzada izan zen. Europako armadek musulmanak kanporatu zituzten eta Jerusalem kontrolpean hartzea lortu zuten.
  • Bigarren gurutzada (1147-1149): 1146an Edesa hiria musulmanek konkistatu zuten. Herritar guztiak hil edo esklabo saldu zituzten. Ondorioz, bigarren gurutzada bat antolatu zen Europan, baina ez zuen arrakastarik izan.
  • Hirugarren gurutzada (1187-1192): 1187an Saladinek, Egiptoko sultan edo erregeak, kristauen eskuetatik berreskuratu zuen Jerusalem. Orduan, hirugarren gurutzada bat bultzatu zuten Alemaniako Bizargorri enperadoreak, Filipe II.a Frantziakoak eta Ingalaterrako Rikardo Lehoi Bihotza erregeak. Rikardo Lehoi Bihotza hainbat urtez borrokatu zen Saladinen aurka. Azkenean, ordea, ezin izan zuen Jerusalem mendean hartu, baina erromesek Hiri Santua beste behin bisitatzeko aukera izatea irabazi zuen.
  • Laugarren gurutzada (1202-1204): gurutzada hau Inozentzio III.a Aita Santuak hasi zuen, Lurralde Santua berreskuratzeko asmoz. Baina, gurutzatuek beste bide bat hartu eta, diru-gosez, Konstantinopla eraso eta hango aberastasunak lapurtzeari ekin zioten.
  • Umeen gurutzada (1212): Stephen de Cloyes ume frantsesak eta Nicholas izeneko ume alemaniar batek hasita, hamarnaka mila ume batu ziren Lurralde Santura abiatzeko. Hondamendi izugarria izan zen. Ez zen umerik heldu Lurralde Santura eta asko ez ziren inoiz gehiago ikusi. Ziurrenik esklabo moduan salduko zituzten.


Aurreko bost horiek izan ziren gurutzadarik garrantzitsuenak. Dena dela, 1217 eta 1272 bitartean, beste bost gurutzada gehiago egon ziren; batek ere ez zuen lortu, ordea, Lurralde Santua kontrolpean hartzerik eta hango lurraldeek musulmanen esku jarraitu zuten.