HIES

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Mapa honetan mundu osoan HIESaren gaixoen portzentaiak agertzen dira, 2011. urtean

HIES edo Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea birus batek sortutako gaixotasuna da. Gaitz honen lehenengo gaixoak 1981ean agertu ziren AEBetan, eta harrezkero eta 2015era arte mundu osoan 40 milioi pertsona inguru hil dira honen ondorioz. HIESa mundu osoan hedatuta dago, baina Afrika da gaixo gehien duen kontinentea. Gaixotasun oso larria da, eta tratatu gabe gaixoak ezinbestez hiltzen dira.

HIESa gaixotasun kutsakorra da, horrek esan nahi du pertsonen artean transmititzen dela. Birus gaiztoa odolean eta semenen dagoenez, kutsapena odolaren bidez (odol-transfusioak egiterakoan, drogazaleen xiringak konpartitzerakoan, orratza kutsatuak erabiltzerakoan...) edo sexu-harremanen bidez (preserbatiborik gabekoak) gertatzen da.

Esan behar da, era berean, HIESa ez dela transmititzen:

  • listuaren bidez (musuak ematerakoan, adibidez)
  • gaixoen eztula edo doministikuen bidez
  • gaixoa ukitzerakoan
  • dutxa edo komunak gaixoekin konpartitzerakoan

HIESaren birusa GIB izenekoa da (Giza Immunoeskasiaren Birusa). Bigarren hitzak, Immunoeskasiak, birus horrek immunitate-sistemaren zelulak kaltetu eta hiltzen dituela esan nahi du. Immunitate-sistema kaltetzerakoan, gaixoak defentsarik gabe geratzen dira eta mikrobioen aurrean babesik gabe ere. Horregatik, HIESa dutenak (tratamendu medikoa jasotzen ez badute) mikrobioek sortutako infekzioak sarritan harrapatzen dituzte eta infekzio horien ondorioz hiltzen dira.

Gaur egun HIESa botika egokien bidez kontrolpean mantendu daiteke, eta gaixoak ez dira hiltzen. Zientzialariek gaitza behin betiko sendatuko duen botika baten bila dabiltza, eta baita gaitza prebenituko duen txerto baten bila ere.