Hades

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Hades jainkoa Zerbero txakurrarekin.

Hades, Greziar mitologian, hildakoen munduaren izena da, bai eta mundu horretan agintzen duen jainkoaren izena ere. Erromatar mitologian, aldiz, Pluton deitzen zaio. Hades jainkoa Krono eta Rearen semea, eta, Zeus, Poseidon, Hera eta Demeterren anaia da.

Hadesek, beraz, azpimundu horretan agintzen zuen, hildakoen gainean, eta oso zorrotza zen hauekin: jendea hiltzen zenean, azpimundu horretara joaten zen eta ezin ziren bizien mundura itzuli. Horregatik, irudi askotan, Hades eskuan giltza bat zuela agertzen zen, hildakoen kartzelazaina zelako.

Hades bi zatitan banatuta zegoen: Zelai Eliseoak (gure zeruaren antzekoa) eta Tartaroa (infernuaren antzekoa). Hildakoak Akeronte ibaia zeharkatuz heltzen ziren Hadesera; horretarako, Karonte izeneko txalupazain bati txanpon bat ordaindu behar izaten zioten. Txanpon hori hildakoei mihi azpian jartzeko ohitura zegoen, jendeak sinesten baitzuen hori egiteko dirurik ez zutenak ibaiertzean geratzen zirela betiko, arima galduen artean. Ibaiaren beste aldea Zerbero izeneko hiru buruko txakurrak defendatzen zuen.

Kondaira mitologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

<center>Hades eta Pertsefone

Mitologian, hainbat kondaira daude Hadesi buruz:

Pertsefoneren bahiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondaira ezagunena da, eta urtaroen sorrera azaltzen du; haren arabera, Sizilian, Pertsefone bere lagunekin loreak biltzen ari zen bitartean, bahitua izan zen. Hadesek Pertsefone maite zuen, baina Pertsefone haren iloba zen, eta, horregatiki, Zeusek (neskaren aitak), ez zuen maitasun hori onartzen. Hori dela eta, Hadesek Pertsefone bahitu zuen eta berarekin ezkondu zen. Zeusek, bere alaba bahitua izan zela ohartzean, alaba lurrera bueltatzeko agindu zion hildakoen munduko jainkoari. Honek, Pertsefone lurrera bueltatu zuen, baina lehenago, granada zati bat eman zion jateko. Ondorioz, urte erdia hildakoen munduan egon beharko zen eta beste erdia Lur planetan.

Pertsefoneren ama Demeter zen, Hadesen arreba eta nekazaritzarenjainkosa. Haren alabak urte erdia azpimunduan igaro behar zuela eta, Demeterrek ez zuen nahi bitarte horretan lurrak inolako fruiturik ematea, eta horrela sortu zen negua.

Iliadako mito bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hades beste mito bateko partaide ere bada. Iliadak kontatzen duen bezala, Herakles hildakoen mundura jaitsi zenean, Hadesek sarrera debekatu zion, eta haren kontra borrokatzen hasi zen. Heraklesek gezi batez besoan zauritu zuen. Baina Hades Olinpora joan zen eta bertan, sendakuntzaren jainkoak sendatu zuen.

Orfeo eta Euridize[aldatu | aldatu iturburu kodea]

<center>Orfeo eta Euridize.

Hadesek, behin, errukia erakutsi zuen. Orfeo, musikaren jainkoa, bere emazte Euridize berreskuratzeko hildakoen mundura jaitsi zenean, hau suge baten hozkaren ondorioz hil eta gero. Orfeok ezin zuen onartu bere emaztearen heriotza, eta, horregatik, bigarren aukera bat eskatzera joan zen Hadesengana.

Orfeo musika jotzen hasi zen Hadesentzat, eta bere musika ederraz Hades hunkitzea lortu zuen. Ondorioz, Hadesek bigarren aukera bat eman zion Euridizeri bizitzeko, baina baldintza batekin: Euridizek Orfeoren atzetik atera beharko zuen hildakoen mundutik, eta Orfeok ezingo zuen atzera begiratu. Orfeo baldintza betetzen ari zen, baina azkeneko momentuan, atzera begiratu zuen bere maitea atzean zegoela ziurtatzeko. Ondorioz, Euridize hildakoen munduan geratu zen betiko.