Hans Christian Andersen

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Andersenen omenezko estatua, Kopenhage.

Hans Christian Andersen XIX. mendeko idazle danimarkar bat izan zen; umeentzako ipuin oso ezagunak idatzi zituen: "Ahatekume itsusia", "Sirenatxoa", "Elurretako erregina", "Enperadorearen jantzi berriak", "Berunezko soldadutxoa", eta beste ipuin ospetsu asko. Ia berrogei urtetan, ipuin asko eta asko idatzi zituen, mundu osoan ezagunak.

Odense izeneko hirian jaio zen 1805ean, familia apal batean; aita zapataria zuen, eta amak arropak garbitzen zituen bezeroentzat; antza denez, Andersenen aitari asko gustatzen zitzaion bere semeari ipuinak eta istorioak irakurri eta kontatzea; baina Hans Christianek 11 urte zituenean hil zen, eta mutikoak eskola utzi eta lanean hasi behar izan zuen. Hamalau urte zituenean, antzerki-lan batzuk egin zituen, baina oso harrera txarra izan zuten.

Geroago, Italia eta Frantziatik bidaiatu ondoren, 1835ean beren lehen ipuin-liburua idatzi zuen: Umeei kontatutako ipuinak. Liburua asko gustatu zitzaion jendeari eta, horri esker, umeentzako ipuinak idazten jarraitu zuen. Bere jaioterrian baino ospe handiagoa irabazi zuen Europako beste herrialdeetan; haren ipuinak berehala itzuli ziren frantsesera, ingelesera eta alemanierara. Gaur egun, ehun hizkuntza baino gehiagotara itzulita daude haren ipuinak, baita euskarara ere.

Umeentzat idatzi zuen lehen idazlea izan zen eta haren ipuinak oso ezagunak dira oraindik ere. Adibidez, Disneyk berak egin ditu film asko Andersenen ipuinak erabiliz.

Andersenen ipuinetako istorioak ez zeuden herri-kontakizunetatik ateratakoak bakarrik, Perrault edo Grimm anaien ipuinak bezala; ipuin asko eta ipuin horietako pertsonaia asko berak asmatu zituen.

Zahartzaroan, istripu bat izan zuen etxean eta zauri larriak egin zituen. 1875ean hil zen, minbiziagatik itxura denez.

Wikibar.png
Blank user.svg BA AL ZENEKIEN?

Munduan dagoen haur eta gazte literaturako saririk garrantzitsuena Andersen Saria da. Bestalde, idazle honen omenez, asteroide bati Andersen izena ipini zitzaion.