Harrapari

Vikidiatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Lehoi emea bufalo bat harrapatzen.

Harrapari deitzen zaio bere burua elikatzeko beste animalia bat ehizatu eta hiltzen duen animaliari; harrapariak ehizatzen duen animalia, berriz, harrapakina da. Harrapariak beti dira haragijale edo [[Orojale|orojaleak}}. Harraparien artean honakoak aurki genitzake: belatzak, arranoak, katuak, krokodiloak, sugeak, otsoak, orkak, otarrainak, lehoiak eta marrazoak.

Harrapari eta harrapakinak espezie ezberdinetakoak izan ohi dira orokorrean; bestalde, animalia harrapari bat beste baten harrapakina izan liteke aldi berean. Adibidez, lehoiak animalia harrapariak dira, baina krokodilo baten harrapakin ere izan daitezke.

Animalia harrapariek ekosistemen oreka mantentzen laguntzen dute, espezieetako indibiduo kopurua kontrolatzea ahalbidetzen baitute. Harrapari faltagatik espezie bat inolako kontrolik gabe ugaltzen hasten bada, ekosistemaren oreka apur lezake. Beste alde batetik, animalia harrapariek nolabait badakite ezin dituztela euren ehizaki guztiak desagerrarazi, hori hala balitz eurak ere desagertuko lirateke eta.

Beste alde batetik, animalia harrapariek euren gorputzean egokitzapenak garatu dituzte harrapakinaren aurkako borroka irabazteko; adibidez, harrapari batzuek atzapar edo hortz zorrotzak garatu dituzte, azkarrago mugi daitezke edota euren gorputzek pozoi edo substantzia toxikoak sortzen dituzte harrapakinak ehizatzeko. Harrapakin edo ehizaki izan ohi diren animaliek ere egokitzapen fisikoak garatzen dituzte bizirauten saiatzeko: batzuk oso azkarrak dira, beste batzuk oso erraz ezkutatzen dira inguruan kamuflatuz, beste batzuek usain edo zapore desatsegineko substantziak jaurtitzen dituzte edo pozoitsuak direla aditzera ematen duten koloreak erakusten dituzte.

Gizakiak harrapariak al gara?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bai, orojaleak garela eta beste animalia espezie batzuei esker elikatzen garela kontuan hartuta; baina beste harrapari batzuen harrapakin ere izan gaitezke.

Izan ere, gizakia superharrapari bat dela esan ohi da beste edozein harraparik baino animalia espezie gehiago ehizatu eta hiltzen baititugu, baita elikatzeko beharrezkoa ez bada ere. Ehiza eta arrantzarako teknologia oso eraginkorra garatu dugu edozein inguru naturaletan, eta kasu gehiegitan espezieen biziraupena arriskuan jartzeko bezainbesteko kontrolik gabe egiten dira ekintza horiek.

Gizakiaren jarrera hau ia ekosistema natural guztietan kalte larriak eragiten ari da eta espezieen desagerpenaren kausa nagusia ere izan da; gaur egun, animalia espezie asko dago galzorian mundu osoan zehar giza superharraparitza dela eta. Horregatik, egia esan, planetako super harrapari bakarrak garela esan liteke.