Vikidiatik

Haurren esplotazioa

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Haur langile bat Ekuadorren.

Haurren esplotazioa umeak lan gogor, arriskutsu eta gutxi ordainduetan erabiltzea da. Pobrezia da haurrak lan egin behar izateko arrazoi nagusia. Familiek dirua behar dutelako bidaltzen dituzte seme-alabak lanera.

Munduko zenbait lekutan, dirua behar duen familia bati diru pixka bat uzten dio norbaitek beren umeren bat lanean jartzearen truke. Haur langilea lan-emailearekin geratzen da gurasoek zorra ordaindu arte. Lan-emaile horiek askotan haur langileak nahiago izaten dituzte helduak, diru gutxiago ordaintzen dietelako eta kontrolatzen errazagoak direlako.

Haurren lana eta haurren esplotazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar, eta gaur egungo munduan ere leku askotan, ume pobreek lanean aritu behar izaten dute familiari laguntzeko. Haurrek egindako lan guztiak ez dira beti txartzat hartu behar; oro har, haurren lana ontzat har daiteke haurrak edo nerabeak beren osasunaren eta garapen pertsonalaren kontra joaten ez diren lanetan aritzen direnean, beren eskolako ikasketak oztopatu gabe. Adibidez, gurasoei laguntzen dietenean etxeko lanetan (nekazaritzan edo familiaren negozioren batean, adibidez), eskola-orduetatik kanpo edo oporretan. Horrelako jarduerak onuragarriak izan daitezke umeen garapenerako eta familiaren ongizaterako; prestakuntza eta esperientzia ematen dizkiete, eta helduaroan gizarteko kide produktiboak izateko prestatzen laguntzen die. Haurren lana deitzen zaio honi.

Haurren esplotazioa, aldiz, desberdina da. Umeak ezin badu ume izaten jarraitu, ezin badu ikasi eta bere burua prestatu etorkizunerako, eginarazten dioten lanak kalte egiten badio haren garapenari, orduan lan hori txartzat hartu beharra dago, ez da onargarria. Bereziki, lan arriskutsua bada, edo kalte fisiko edo psikologikoa eragiten badio, eskolara joatea eragozten badio edo eskola uztera behartzen badu, horri haurren esplotazioa deitzen zaio; eta herrialde aurreratuenetan, debekatuta dago.

Kasurik txarrenetan, zoritxarrez, oraindik ere, leku batzuetan, haur askok ia esklabo modura egin behar izaten dute lan, baldintza oso gogorretan eta lan gogorrak egiten, familiarengandik urrun, eta ia beti oso diru gutxiren truke.

Zenbat umek jasaten dute haurren esplotazioa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unicefen arabera, gaur egungo munduan 150 milioi haur baino gehiago dira haurren esplotazioaren biktima; eta horietatik ia erdia (72 milioi inguru) egoera oso gogorretan ari dira lanean, ia esklabotzan:

  • Asia aldean daude 5 eta 14 urte bitarteko haur langile gehien, 127 milioi inguru.
  • Saharaz hegoaldeko Afrikan, 48 milioi haur inguru daude lanean. 15 urtetik beherako hiru umetatik ia bat (% 29) ekonomikoki aktiboa da.
  • Latinoamerikan eta Kariben 17,5 haur langile inguru daude (eskualdeko haurren % 16k lan egiten du).
  • Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako haurren % 15ek lan egiten dute.

Ikus beste artikulu hau ere[aldatu | aldatu iturburu kodea]