Hebreera

Vikidiatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Israelen kokapena.

Hebreera hizkuntza semitiko bat da, arabieratik eta arameratik hurbilekoa. Juduen hizkuntza sakratua da. Aspaldiko garaietan, Palestinan hitz egiten zen, baina K.a. III. menderako hasi zen gutxiago erabiltzen, batetik arameraren eraginez (adibidez, Jesukristok ez zuen hebreera hitz egiten, aramera baizik), eta, bestetik, erromatarrek hebrearrak kanporatu zituztelako beren jatorrizko herrialdetik; juduek hainbat herrialdetara alde egin behar izan zuten, eta leku haietako hizkuntzak ikasi behar izan zituzten.

Horren guztiaren ondorioz, seguruenik K.o. III-IV. menderako ez zen erabiltzen hizkuntza bizi bezala; hala ere, juduen erlijio-hizkuntza bezala erabiltzen jarraitu zen. XIX. mendean egin ziren lehen ahaleginak aspaldiko hebreera berriro lantzeko, eta Israel Estatu independentea sortu zenean, hizkuntza ofiziala bihurtu eta berriro hizkuntza bizia izatera iritsi zen. Gaur egun, hebreera modernoa deitzen zaio, aspaldiko testuetan eta erlijio-hizkuntzan (hebrearren Biblia delakoan) oinarrituta dagoelako; baina berritasun ugari ditu, behar modernoetara egokitu beharra izan duelako. Mundu osoan, 9 milioi inguru hiztun ditu , haietako gehienak Israelen.

Bere alfabeto berezia du, hebrear alfabetoa; gure hizkuntza ez bezala, eskuinetik ezkerrera idazten da, arabieraren antzera.