Vikidiatik

Heste mehar

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Heste meharraren anatomia.

Heste meharra edo heste mehea digestio-aparatuan dagoen organo bat da, urdaila eta heste lodia konektatzen dituena. Sabelean biribilkatuta edo tolestuta dagoen hodi luze moduko bat da, gizaki helduen kasuan 4-6 metroko luzera daukana.

Zer egiten du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaten ditugun elikagaien digestioarekin jarraitzea eta, bereziki, mantenugaiak xurgatzea da heste maharraren egitekoa.

Elikagai horiek urdailetik ateratzen direnean, heste meharrera sartzen dira; une horretan, janariak likido lodi baten forma du; horri “kimoa” deitzen zaio. Heste meharrak “heste-urina” deitzen den zuku moduko bat jariatzen du, entzima batzuk dituena; entzima horiek eraldatu egiten dute urdailean digeritutako janaria eta substantzia elikagarri disolbagarriak ateratzen ditu hortik: mantenugaiak, alegia. Horretarako, gainera, beste organo batzuek —pankreak eta gibelak, adibidez— ere jariatzen dituzte beste digestio-urin edo zuku moduko batzuk.

Mantenugai horiek disolbagarriak direnez, heste meharraren paretetatik odolera pasatzen dira, eta, horrela, mantenugai horiek gorputzeko organo guztietara iristen dira. Prozesu horrek, guztira, 3 eta 6 ordu bitarte behar izaten ditu. Horrela, gorputzak behar duen energia eskuratzen du, handitzeko, osasuntsu egoteko eta bizirik egoteko.

Mantenugaiak xurgatu eta gero, digeritu gabeko hondakinak geratzen dira heste meharrean; hondakin horiek heste lodira bidaltzen dira eta haien pilatzen dira.

Zenbat zati ditu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru zati bereizten dira:

  • Duodenoa: urdailarekin konektatuta dago “piloro” izeneko esfinter izeneko giharraren bidez. Duodenoak gibelaren behazuna eta pankrearen zukuak jasotzen ditu; digestioa batez ere hemen egiten da. Behazunak eta zuku horiek urdailetik ateratako kimoaren azidotasuna gutxitzen dute eta entzimek kimoa digeritzen laguntzen dute.
  • Jejunoa: digestioak sortutako substantziak (azukreak, aminoazidoak eta koipezko azidoak) zati honetan xurgatu eta pasatzen dira odolera.
  • Ileona: zati honek B12 bitaminak eta behazun-gatzak xurgatzen ditu, bai eta jejunoak xurgatu ez dituen gainontzeko substantziak ere.