Hispania

Vikidiatik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Hispaniaren banaketa administratiboa Dioklezianoren garaian.

Hispania antzinako erromatarrek Iberiar penintsulari jarri zioten izena da. Erromatar probintzia bat izan zen, zazpi mendez. "Espainia" izena "Hispaniatik" dator, baina bi errealitate historiko ezberdin dira eta ez dira nahastu behar.

Erromatar Errepublikaren garaian, Hispania bi probintziatan banatuta zegoen: Hispania Ziterior eta Hispania Ulterior. Erromatar Inperioaren garaian, Hispania Ulterior bi probintzia berritan banatu zen: Betika eta Lusitania; bestalde, Hispania Ziterior Hispania Tarraconensis deitzera pasatu zen. Ondoren, Tarraconensisko mendebaldeko zatia banatu zen eta "Gallaecia" deitzera pasatu zen; Gallaeciatik dator gaur egungo "Galizia" izena. Diokleziano enperadorearen garaitik aurrera (K.o. 284), Tarraconensisko hegoaldea berriro zatitu zen, eta bi lurralde berri sortu ziren: Betika eta Carthaginensis. Gainera, Afrikako iparraldeko lur zati bat gehitu zen Hispaniako probintziara; hori Mauretania Tingitana zen, gaur egungo Marokok okupatzen duena.

Hispania izena Bisigodoen Erresumaren garaian ere erabili zen. Geroago, musulmanek Iberiar penintsulako zati handi bat konkistatu zutenean, badirudi Hispania izena erabiltzen jarraitu zela lurralde kristauari erreferentzia egiteko. XIII. mendean dagoeneko, Espainia forma idatzita agertu zen; zehazki, Alfontso X.a Jakituna erregeak enkargatutako liburu batean. Konkista kristauak aurrera egiten zuen neurrian, hainbat erregek Espainiako printze izendatu zuten euren burua, beren erreinuei garrantzi handiagoa eman nahirik. Gaztela eta Aragoi elkartu ondoren, bi erreinu horietan Espainia izena erabiltzen hasi zen, bi lurraldeei modu bakarrarekin deitzeko.