Vikidiatik

Historialari

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Historiako garaien banaketa.

Historiografia historiari buruzko ikerketa da, historialariek egiten duten ikerketa-lana.

Historialariek ikerketak egiten dituzte iraganean bizi izandako gizakiei zer gertatu zitzaien jakiteko, eta gero, haien ikerketen berri ematen dute, artikulu edo liburuetan, kongresuetan, etab.

Nola lan egiten dute historialariek?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraganean zer gertatu zen jakiteko, historialariek frogak eta lekukotasunak bilatzen dituzte; aspaldiko testu idatziak (agiri edo dokumentuak) erabiltzen dituzte horretarako, baina baita beste jakinbide batzuk ere: adibidez, antzinako gizakiek utzitako tresnak, eraikuntzak eta era guztietako aztarna edo arrastoak. Horiek guztiak, idatzizko agiriak eta bestelako aztarnak historialarien iturriak dira, iturri historiografikoak: haietan oinarritzen dira, iraganaren berri ahalik eta zehatzena izateko.

Baina, lehendabizi, iturri horiek benetan fidagarriak diren ala ez ikusi behar dute; horretarako, aurretiaz jakinak eta seguruak diren datuekin bat ote datozen ala ez ebatzi behar dute, beste zientzia eta zientzialari batzuekin elkarlanean, batzuetan.

Historialarien ikerlanen esparrua zabalduz joan da denborarekin batera: lehenago, gizakiei gertatutako gauzak bakarrik interesatzen zitzaizkien historialariei (une jakin batean izandako gertakariak, alegia): noiz gertatu zen halako bataila bat, zein erregek irabazion gerra beste errege bati, etab. Eta gertakari horien arrazoiak eta ondorioak ere aztertzen zituzten. Baina, esan bezala, historialarien lana esparru berrietara zabaldu da; orain, izandako gertakariez gain, une bakoitzeko ekonomiaren egoera, gizarte bakoitzean zeuden ideiak, sinesteak eta ohiturak edo testuinguru naturalak zein ziren ere jakin nahi izaten dute; horiek guztiak, gertakarien testuinguruak dira. Testuingurua ezagutzea oso garrantzitsua izaten da gertakari bakoitza hobeto ulertzeko.

Zer dira aro edo garai historikoak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historialariek denboran zehar izandako gertakariak aztertzen dituzte. Horregatik, eskuratzen dituzten datuak denboraren arabera ordenatzen dituzte; hau da, halako gertakari bat zer une zehatzetan izan den argitzen saiatzen dira.

Gure kulturan, eta tradizio kristaua duten herrietan, ohikoa izaten da gertakariak Jesukristoren ustezko jaiotza-urtearen arabera kokatzea: Jesukristoren jaiotza-urteari Kristo ondoko 1. urtea (K.o. 1. urtea) deitzen diogu; ez dago 0 urterik.

Baina, gainera, historialariek aro edo garaiak ere bereizten dituzte; aro edo garai horiek, ikuspunturen batetik begiratuta, ezaugarri antzeko batzuk izaten dituztelako egiten dute bereizketa hori. Horrela, Historiaurrea, Antzinaroa, Erdi Aroa, Aro Modernoa eta abar bereizten dituzte; baina, esan bezala, izen horiek historialariek emandakoak dira: garai horietan bizi zirenek ez zizkioten ematen izen horiek.