Vikidiatik

Historiaurreko artea

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Ekain leizeko historiaurreko margoak.

Historiaurreko arteaz hitz egitean, kontuan izan behar dugu ezin dezakegula ziurtasun osoz jakin zeintzuk izan ziren gizakiek egindako lehen artelanak; izan ere, arrasto arkeologikoren bat utzi dutenak baizik ezin ditzakegu ezagutu. Beste alde batetik, historiaurreko artea deitzen duguna benetan artea ote zen zehaztea ez da erraza, zeren eta artearen kontzeptua, hau da, zentzu estetikoa duten lanen kontzeptu hori, oso modernoa baita.

Historiaurreko margolan eta eskulturak dira historiaurreko artea deitzen duguna, hau da, gizakiak Erdi Paleolitotik aurrera egin eta gaur egun arkeologiari esker ezagutzen ditugun artelanak.

Ikertzaile batzuen ustez, historiaurreko artelan zaharrenak Indiako haitzuloetan egindako petroglifo edo harrian egindako markak dira eta artelan horiek orain dela 700.000 urtekoak izan daitezkeela pentsatzen dute.

Bestalde, Israelen harrizko eskultura txiki edo figura batzuk aurkitu zituzten eta horiek dira ezagutzen ditugun historiaurreko eskulturarik zaharrenak. Figura horiek gutxienez 30.000 urte izango dituzte. Europan, berriz, Alemanian aurkitutako marfilezko mamuten eskultura batzuek 35.000 eta 40.000 urte bitartean dituzte, arkeologoen arabera. Horietako bat emakume baten burua da eta seguraski lepoko gisa erabiliko zen. Beste bat, aldiz, gizakiaren gorputza eta lehoiaren burua duen figura bat da.

Ezagutzen ditugun lehen margolanak kolore gorriko marra batzuekin egindako marrazkiak dira. Marrazki horiek orain dela 400.000 urte egin zituen seguruenik Homo Erectusak Asiako hegoaldean, haitzuloetako edo aire zabaleko harrizko hormen gainean (labar-pinturak). Afrikako hegoaldean, berriz, orain dela 73.000 urte inguru Homo Sapiensak egindako marrazki geometrikoak daude.

Lehen artelan figuratiboak ere Asia hegoaldekoak (Indonesia) dira, gutxienez 44.000 urte dituzte eta ehiza-eszenak irudikatzen dituzte. Australian, berriz, 40.000 urteko margolanak daude.

Europan, ezagutzen diren haitzuloetako pinturarik zaharrenak orain dela 65.000 urteko marrazki ez figuratibo batzuk dira, eta Espainiako koba batzuetan aurkitu zituzten. Horrek esan nahi du margolan horiek neandertalek egin zituztela. Beranduagokoak dira Espainiako eta Frantziako hainbat haitzulotan aurkitutako animalia basatiak eta ehiza-eszenak irudikatzen dituzten margolan ospetsuak, hain zuzen ere, gehienez, orain dela 30.000 urtekoak dira eta margolan horiek Homo Sapiensek egin zituzten.

Amerikan, ezagutzen dugun historiaurreko artea beranduagokoa da, hau da, duela 13.000 urtekoa gutxi gorabehera. Izan ere, planeta osoko migrazioetan, gizakia beranduen iritsi zen kontinentea izan baitzen.