Holokausto

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Holokaustoko biktimen omenezko eskultura, Jerusalem hirian, Israelen.<center>

Holokaustoa judu askoren hilketa handi bat izan zen; naziek Alemania gobernatzen zuten garaian gertatu zen, 1933tik 1945era arte eta Bigarren Mundu Gerran bereziki. Naziak antisemitak ziren eta judu guztiak hil nahi zituzten. Nazien burua Adolf Hitler izan zen, eta juduen kontrako iritzi arrazistak zituen. Horregatik, hasieran Alemanian zeuden juduak gaizki tratatu zituen, eta askok beste herrialde batzuetara egin zuten ihes. Baina, Bigarren Mundu Gerran, Alemaniak Europako lurralde asko okupatu zituen, eta 1941 eta 1945 artean naziek sei miloi judu inguru hil zituzten Europan, gizon, emakume, zahar eta gazte, baita umeak ere, bakar-bakarrik juduak izateagatik. Arraza bateko jende asko hiltzeari genozidioa deitzen zaio.

Holokausto hitza grezieratik dator, eta “dena erreta” esan nahi du. Juduek hitz hori erabiltzen zuten Jainkoari egindako eskaintzak adierazteko; normalean animaliaren bat sakrifikatzen zuten (ardi bat, adibidez) eta animalia hila erre egiten zuten, Jainkoari eskaintzeko. Aipatu dugun zentzuan oinarrituta erabiltzen da "juduen holokaustoa", naziek hildako judu ugari gero labeetan erre zituztelako haien gorpuak desagerrarazteko.

Alemaniako naziek Bigarren Mundu Gerra galdu zuten 1945ean, eta bizirik atera ziren judu asko ez zuten Europan geratu nahi izan. Horregatik, Estatu Batuetara edo Israelera egin zuten ihes. Israel herrialde moduan 1948an sortu zen, Europatik ihes egiten zuten juduak hartzeko.