Vikidiatik

Homero

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Homeroren estatu moderno bat, Parisko Louvre museoan dagoena.

Homero antzinako Greziako poeta bat izan omen zen; esaten da K.a. IX. mendean bizi izan zela eta bi literaturlan garrantzitsu egin zituela: Iliada eta Odisea; bi lan horiek benetakoak dira, benetan iritsi zaizkigu eta ezagutzen ditugu, eta beti esan da haien egilea Homero zela, baina ez da erabat segurua benetan existitu zen ala ez. Bi lan horiek Greziako antzinako kondaira batzuk kontatzen dituzten poema luzeak dira: Iliada izenekoak 15.000 lerrotik gora ditu, eta Odiseak, berriz, 12.000 inguru. Antzinako Grezian eta baita antzinako Erroman ere umeek buruz ikasi behar izaten zituzten.

Antzinaroan ere oso gauza gutxi esaten ziren Homerori buruz: Asia Txikia delakoan (gaur egungo Turkian) sortua zela, itsua eta pobrea zela eta leku batetik bestera joanez bizi zela. Nolanahi ere, bi lan horiek oso eragin handia utzi zuten Greziako eta Erromako bizitzan, artean eta kulturan, bai eta, horren ondorioz, kultura unibertsalean ere, eta bereziki Mendebaldeko kulturan.

Seguru aski, bi poema horiek ahoz aho kantatzen edo kontatzen ziren bere garaian; ahozko poema horiek herriz herri zabalduz joan ziren, poeta ibiltarien ahotik, eta uste da K.a. 700. urte inguruan jarri zirela idatziz, irabazi zuten ospe handiari esker. Idatzitako literaturlanik zaharrenetako batzuk dira, beraz; eta, horregatik, Europako literaturaren aitatzak hartzen da Homero.

Homerorenak omen diren bi lan horietatik lehena Iliada da. Poema honetan, greziarren eta Troia izeneko hiri zahar baten arteko gerra kontatzen da. Akiles izeneko gerlari bat da pertsonaia nagusia. Odisean, berriz, gerra hartan parte hartu zuen beste heroi greziar bat da protagonista, Ulises izenekoa, Itakako erregea; Ulisesek gerratik Itakara itzultzeko egindako bidaia abenturaz betea kontatzen da poema honetan.

Wikibar.png
Blank user.svg BA AL ZENEKIEN?

Dirudienez, Homerok bertsotan egindako kontakizun luzeak kontatzen edo kantatzen zituen herriz herri. Hori egiten zutenei "rapsoda" deitzen zitzaien. Beraz, rapsodak Antzinako Grezian poema epikoak abestuz herriz herri ibiltzen ziren kantariak ziren.