Hormona

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Intsulina izeneko hormonaren egitura molekularra.

Hormonak gure gorputzak fabrikatzen dituen substantzia bereziak dira, beharrezkoak direnak gure organo eta sistemen funtzionamendurako.

Hormonak "mezulari kimikoak" dira, seinaleak bidaltzen dituzte organo batzuei organo horiek aktibatzeko edo moteltzeko.

Hormona asko daude: batzuek gorputzaren hazkuntza kontrolatzen dute, beste batzuek gure nerbio-sistemaren funtzionamendua, edo gure garapen sexuala, gure metabolismoa, etab. Hormona garrantzitsu bat intsulina da, gure odolean dagoen azukrearen kontzentrazioa erregulatzen duena (intsulina gutxi dagoenean azukre asko pilatzen dira odolean eta diabetes izeneko gaitza agertzen da).

Hormonak guruin izeneko gorputzeko organoetan sortzen dira. Intsulina, adibidez, pankrea guruinean ekoizten da. Sortu ondoren, odolera pasatzen dira eta odolaren bidez gorputzeko toki askotara iristen dira.

Hormonak fabrikatzen dituen gorputzeko sistema sistema endokrinoa da. Sistema endokrinoak harreman estua mantentzen du nerbio-sistemarekin: nerbio-sistemak eragin handia du sistema endokrinoan, eta honek, era berean, nerbio-sisteman ere.

Gaixotasun hormonalak aztertzen dituen medikuntzaren adarra endokrinologia da.