Vikidiatik

Hostoerorkor

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Zuhaitz hostoerorkorrek orbela osatzen dute

Landare hostoerorkorrak (hostogalkorrak edo kaduzifolioak) dira urtearen zati batean hosto guztiak galtzen dituzten landare, zuhaixka eta zuhaitzak.

Landare hostoerorkorrek beren hosto guztiak galtzen dituzte urtaro hotz edo lehorretan. Udazkenean edo urtaro lehorrean, zuhaitz hostoerorkorren hostoek beren klorofila galtzen dute. Hostoen kolore berdea desagertu ahala, pigmentu gorri, hori edo laranjak ikusgarri egiten dira. Bitartean, zelula-geruza ahul bat garatzen da hosto bakoitzeko pezioloaren oinarrian. Geruza ahul horren eraginez, hostoaren euskarria ahuldu eta hostoa erori egiten da gero. Urtaroak berriro aldatzen direnean, hosto berriak hazten dira.

Landare hostoerorkorren adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso hostoerorkorretan aurkitzen diren zuhaitzak, nagusiki, haritzak, pagoak, urkiak, gaztainondoak, zumarrak, astigarrak eta ezkiak dira.

Forma eta altuera desberdinekoak dira eta zuhaizti trinkoak eratzen dituzte, argi gutxi pasatzen uzten dutenak. Zuhaixkak soilguneetatik eta basoen ertzetatik gertu hazten dira gehienbat, argi gehiago dagoen bazterretan. Landare loredunak udaberrian izaten dira ugariak basoan, zuhaitzek hosto osoa izan aurretik.

Non aurki daitezke?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitz hostobakarrek osatutako basoak Ipar Amerikako ekialdean, Eurasiako mendebaldean eta Asiako ipar-ekialdean aurki daitezke batez ere.

Munduko hiru eskualde zabal hauek klima epela dute, eta neguko urtaroa izaten dute. Eskualde horietan hazten diren zuhaitz hostoerorkorrek hostoak galtzen dituzte udazkenean, eta biluzik egoten dira neguan, baina udaberrian hosto berriak hazten zaizkie.

Baso hostoerorkorreko hiru eskualde nagusiek urte osoan izaten dituzte prezipitazioak.

Baso hostoerorkorrak eskualde lehorragoetan ere hedatzen dira erreken ertzetan eta ur-masen inguruan. Baso hostogalkorrei baso hostogalkor epelak edo baso epelak ere deitzen zaie.

Baso hostoerorkorren irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]