Ibai

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Ibaia lur azaletik mugitzen den ur-laster edo ur-korrontea da. Mendietan edo goi-lurretan sortzen da, euri-ura pilatzen denean edo elurra urtzen denean. Ibaia jaiotzen den tokiari iturburua deitzen zaio. Beste ibai batean, aintzira edo laku batean edota itsasoan bukatzen da; itsasoan bukatzen denean, normalean leku horri bokale edo ibai-ahoa deitzen zaio. Ibaiak txikiak direnean, erreka deitzen zaie, baita errekasto eta lats ere.

Ebro ibaia Mendabia zeharkatzean

Ibaiak iturburutik itsasoratu arte egiten duen ibilbidea ibilgu deitzen da. Hiru zati bereizten ditugu: goi-ibilgua, erdiko ibilgua eta behe-ibilgua.

  • Goi-ibilgua: ibaiaren zatirik aldapatsuena da. Zati honetan, ibaiak ez dira oso sakonak edo zabalak izaten eta ura oso azkar jaisten da, eta daraman abiaduragatik ibilguko lurra eta harriak mugitzen ditu; horri higadura esaten zaio.
  • Erdiko ibilgua: aldapa gutxiagoko zatia da. Hemen, higadura txikiagoa izaten da, ibaiak sakonagoak eta zabalagoak izaten dira eta urak material fin edo txikiak eramaten edo garraiatzen ditu.
  • Behe-ibilgua: ibaiaren azken zatia da, itsasotik edo ibai-ahotik hurbilekoa, lurrak oso aldapa gutxi duen lekuan. Ibaiaren zatirik zabalena eta sakonena izaten da, ura oso poliki mugitzen da eta, horregatik, sedimentazioa gertatzen da bertan: hots, urak garraiatu duen materiala (lurra, harriak eta abar) hondoan edo ertzetan pilatzen edo metatzen da.

Ebro da Euskal Herritik igarotzen den ibai luzeena (910 km), Araba eta Nafarroako hego-mendebaleko mugetatik pasatzen da. Aragoi ibaia da Euskal Herri barruan ibilbiderik luzeena egiten duena, 192 km hain zuzen. Esako urtegian jaiotzen da eta Nafarroa zeharkatu ondoren Ebro ibaiarekin bat egiten du. Nerbioi-Ibaizabal ibaia da Bizkaiko Golkoan ura isurtzen duten ibaien artean ibilbiderik luzeena egiten duena (75 km-koa), guzti-guztia euskal lurraldeetan.