Iberiar

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Iberiarren lurraldea kolore laranjaz ageri da.

Iberiarrak antzinako Iberiar penintsulako herri bat ziren. Mediterraneo aldean bizi ziren, gaur egungo Andaluziatik hasita Frantziako hego-ekialderaino. Zeltaurrekoak ziren; hau da, zeltak iritsi baino lehen bizi ziren lurralde horietan.

Iberiarrak izena, ordea, elkarren artean oso desberdinak ziren herri batzuei ematen zaie. Adibidez, penintsulako hegoaldeko iberiar herriek tartessostarren kulturaren eragin handia jaso zuten eta feniziarrekin merkataritza harremanak zituzten. Iparraldean, aldiz, herri iberiarrek greziarrekin eta feniziarrekin zuten hartu-eman handiagoa, eta haien eragin handiagoa jaso zuten.

Antolaketa politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar gizarteetan, gizarte klase gidari argi bat zegoen: aristokratak. Beste gizarte klase zabalago bat zegoen nekazari, abeltzain eta artisauez osatuta. Aristokratak botere politiko, ekonomiko eta militarra zuen gizarte klasea ziren. Nekazariek eta artisauek gizartearen oinarria osatzen zuten.

Iberiar herrixkak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiarrak herrixka gotortuetan bizi ziren, harresiz babestuta, alegia; gaur egun «oppidum» izenaz ezagutzen diren herrixka horiek mendi edo mendixken gainean kokatzen zituzten, babes eta estrategia arrazoiengatik, eta arrazoi ekonomikoengatik (merkataritza-bideak eta gertuko baliabideak kontrolatzeko). Bertatik, beraz, lurralde guztia eta haren baliabideak kontrolatzen eta antolatzen zituzten.

Harresiak harrizko bloke handiz eginak zeuden. Etxeen kasuan, aldiz, harria zimenduetarako bakarrik erabiltzen zen, eta gainerakoa adobez egiten zen. Paretak buztinezko edo karezko geruza batez estaltzen ziren eguraldi txarretik hobe isolatzeko.

Mota ezberdinetako etxeak zeuden: oinarrizko bizileku oso sinpleak, gela bakarra zutenak bizitza guztia egiteko; bazeuden askoz handiagoak ziren etxeak ere, funtzio ezberdinetarako gela ezberdinak zituztenak (sukaldea, biltegiak, logelak, patioak...); batzuek bi solairu zituzten.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza eta abeltzaintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar herrien ekonomia nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarrituta zegoen. Batez ere zerealak (garia eta garagarra) landatzen zituzten, baina baita lekaleak ere (dilistak, babak eta ilarrak). Greziarrek ekarrita, mahatsondoak eta olibondoak ere izaten zituzten.

Nekazaritzarako idiak eta lanabesak erabiltzen zituzten, goldea eta uztarria, adibidez. Animaliak ez ziren bakarrik lurra lantzeko bakarrik erabiltzen, abeltzaintzak ere garrantzi handia baitzuen. Abereetatik artilea, esnea eta gazta ateratzen zituzten.

Nekazaritzaren emaitzak ez zituzten beren kontsumorako bakarrik erabiltzen; produktuen soberakinak –zerealak, adibidez– saldu egiten zituzten; hau da, merkataritzan ere aritzen ziren iberiarrak, bai euren artean, eta baita atzerriko herriekin ere.

Merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar herrien arteko merkataritza jada nahiko aurreratuta omen zegoen greziarrak eta feniziarrak Penintsulara iritsi zirenerako. Hala ere, herri horiekin merkataritza harremanak izaten hasi zirenetik, iberiarren jarduera komertziala areagotu egin zen. Herri iberiarretako eliteek kontrolatzen zuten merkataritza. Hartara, gizarteko talde aberatsenak posizio pribilegiatuan jarraitzen zuen, eta askotan luxuzkoak ziren atzerriko produktuak lortzen zituzten. Iberiarrek batez ere zerealak saltzen zituzten, baina hegoaldean metalen merkataritza ere nabarmena zen. Iberiar penintsulako iparraldeko herriek batez ere greziarren koloniekin izan zituzten harremanak; ekialdeko eta hegoaldeko iberiarrek, aldiz, feniziarrekin.

Artisautza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiarrek artisautza oso garatua zuten, bereziki Penintsulako hegoaldean. Bitxiak eta apaingarriak sortzen zituzten metalekin, batez ere brontze eta zilarrezkoak. Artisau metalurgikoak ere nabarmentzen ziren; hauek metalezko objektuak sortzen zituzten batez ere burdinaz, brontzez eta zilarrez. Kobre eta zilar meategiek pisu handia izan zuten Penintsulako iberiar herrien ekonomian; lurralde horretan meategiak ugariak ziren eta merkataritzan eragina izan zuen.

<center>Elxeko dama

Iberiarren artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar herriek batez ere eskulturan erakutsi zuten trebetasun handia; hainbat materialez egiten zituzten, adibidez harriz, brontzez eta buztin egosiz. Eskultura horiek, iberiar kultura guztiak bezala, arte grekoaren eta feniziarraren eragin handia erakusten zuten. Eskultura horietako askok erlijioarekin zuten zerikusia, eta animalia mitologikoak, idoloak edo bustoak, eta emakumezkoen figurak erakusten zituzten. Eskultura iberiar ospetsuenetako bat «Elxeko Dama» da. Protagonistatzat gerlariak (askotan zaldi gainean) zituzten eskulturak eta erliebeak ere ohikoak ziren.

Margo iberiarrak batez ere zeramika apainduen bitartez iritsi zaizkigu. Margotzeko gehien erabiltzen zituzten koloreak gorri kolorearen tonalitate ezberdinak (gorri ilunetik hasita ia laranja kolorera arte) eta beltza ziren. Irudi nagusiak figura geometrikoak eta landare, animalia eta batzuetan giza irudiak zituzten apainketak ziren. Oso maiz, ontziek zeramika feniziarraren edo greziarraren eragina erakusten zuten, edo horien kopiak ziren.

Iberiar hizkuntza eta idazkera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

<center>Iberiar idazkera.

Iberiarren hizkuntza ez da asko ezagutzen, nahiz eta idatzizko testu asko ezagutzen diren. Litekeena da dialekto ugari izatea, idazkeran agertzen diren aldaerek erakusten duten bezala.

Iberiarren idazkera sistemak zeinu alfabetikoak zituen, gure letrak bezalakoak, baina baita zeinu silabikoak ere; idazkera grekoaren eragin handia zuen. Idazkera iberiarraren zeinuak deszifratu dira; hau da, zeinu horietako bakoitzaren balioa ezagutzen dugu; aldiz, ez dakigu zer esan nahi duten hitzek, ez dutelako zerikusirik erreferentzia gisa ditugun beste hizkuntzekin.

Denbora luzez, hizkuntzalari batzuek pentsatu zuten euskarak iberiarren hizkuntzarekin harremana izan behar zuela; horregatik, iberiar testuak euskararen bitartez ulertzen saiatu ziren. Hala ere, euskara ez da baliagarria izan testu horiek ulertzeko, eta gaur egun uste da euskarak ez duela zerikusirik iberiarrarekin, nahiz eta litekeena den eremu batzuetan euskara iberiarren hizkuntzekin kontaktuan egotea.