Idazkera

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Hebreerazko idazkera duen pergaminoa.

Idazkera hizkuntzaren adierazpen grafikoa da; hots, hitzak euskarriren baten gainean (papera, larrua, harria, etab.) irudi bidez adierazten dituen sistema. Ahotsa erabili gabe informazioak jasotzeko eta iraunarazteko balio du. Idazkeraren asmakuntzak bereizten du historiaurrearen eta historiaren arteko muga. Kalkuluarekin eta irakurketarekin batera lehen hezkuntzaren hasierako ikaskizunik garrantzitsuenetako bat da.

Eguneroko bizitzaren gertaerak erregistratzeko beharragatik sortu zen Ekialde Hurbilean, duela 5.300 urte inguru; adibidez, nekazariek egiten zituzten eskaintzak kontrolatzeko. Horrek, idazketaren lehenengo adierazpenak ekarri zituen, Sumerian ziurrenik, K.a. 3.500 urtean. Nekazaritzan eta hiriko bizimoduan oinarritutako gizarteetan sortu zen, munduko hainbat zibilizazio handitan: Egipton, K.a. 3.200 urte inguruan; Zipren, K.a. 2.200 urte inguruan; Txinan, K.a. 1.400 aldean; eta Erdialdeko Amerikan, K.a. 900 urte inguruan.

Mesopotamian, eskribek puntzoiak erabiliz buztin zatietan kontabilizatu nahi izaten zituzten gauzei buruzko informazioa marrazten hasi ziren. Piktogramak ziren. Idazkera mota honetan, zeinuak goitik behera marrazten ziren buztinezko tauletan, eta gero hauek labeetan egosten ziren, gogortu eta iraunarazteko.

Geroago, zeinuak horizontalean marrazten hasi ziren. Hasieran, marraztutako zeinuek eta adierazten zituzten gauzek halako antza bazuten, baina denbora igaro ahala gero eta antz txikiagoa izaten hasi ziren. Zumezko puntzoiaren formaren ondorioz, grabatuek ziri forma zuten eta horregatik, idazkera mota honi idazkera kuneiforme deitu zitzaion (latinez, cuneo=ziri).

Eskribak irakurtzen eta idazten zekiten pertsonak ziren. Idazten ikastea nahiko zaila zen. Aberatsek eskolara bidaltzen zituzten beren semeak, idazten, kalkuluak egiten, eta hizkuntzaren bat ikas zezaten.

Alfabetoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza bakoitzean idazteko erabiltzen diren letren multzoaari alfabetoa deitzen zaio. Munduan erabili diren alfabetorik garrantzitsu eta hedatuenak alfabeto latinoa, grekoa, arabiarra, txinatarra, hebraikoa eta zirilikoa dira; baina beste asko eta asko erabiltzen dira oraindik.