Vikidiatik

Ilargiaren jatorria

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Ilargia eratu zuen talka handiaren irudi artistikoa.

Ilargiak 4.500 milioi urte inguru daramatza Lurraren inguruan jiraka. Lurrak eta Ilargiak oso antzeko adina daukate; horrek esan nahi du bateratsu sortu zirela. Baina, zehazki, nola sortu zen Ilargia?

Lehenagoko zientzialari batzuek uste zuten Lurrak harrapatu egin zuela gehiegi hurbildu zenean; beste batzuek, aldiz, noizbait Lurraren zati bat izan zela uste zuten.

Gaur egun, zientzialari gehienek pentsatzen dute Eguzki-sistemaren hasieran sortu zela Ilargia, Lurra bera ere eratzen ari zen bitartean. Dirudienez, Marteren tamainako planeta batek antzinako Lurraren kontra jo zuenean; ustezko protoplaneta horri Theia izena eman diote.

Kolpearen ondorioz, Lurraren zati izugarri handi bat apurtu eta material ugari jaurti ziren espaziora; material horiek, poliki-poliki, Lurraren grabitate-indarrak harrapatuta, elkartuz joan ziren, eta horrela sortu omen zen Ilargia. Ilargiko arrokak Lurrekoen oso antzekoak dira, eta teoria honek azalduko luke zergatik.

Horrela eratuta, Ilargia Lurraren inguruan orbitatzen hasi zen, hau da, haren inguruan jiraka.

Ilargia urruntzen ari da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, Lurraren eta Ilargiaren arteko batez besteko distantzia 380.000 kilometrokoa da. Baina beti ez omen da horrela izan: hasieran, Ilargia Lurretik hurbilago omen zegoen gaur egun baino; poliki-poliki, ordea, Lurretik urruntzen joan da.

Ikerlarien arabera, urte bakoitzean, 3,82 zentimetro urruntzen da gure satelitea guregandik. Beti abiadura horretan urrundu bada, kalkuluak eginda, horrek esan nahi du Ilargia 172.000 km urrundu dela eratu zenetik, eta, hasieran, Lurretik 200.000 km ingurura zegoela.

Urruntze horren eraginez, Lurraren errotazioa moteltzen ari da; hau da, astiroago dabil jiraka. Horren ondorioz, jira oso bat egiteko denbora gehiago behar du eta, beraz, egunak luzeagoak dira. Ezin gara horretaz konturatu, noski: urte bakoitzean, Lurreko egunaren iraupena 0,00001 segundo bat luzatzen da, besterik ez.

Bestetik, horrek esan nahi du oso-oso aspaldiko garaietan egunak gutxiago irauten zuela. Zientzialariek itsas sedimentu batzuen bitartez jakin ahal izan dute zein zen Lurraren errotazioaren abiadura aspaldi-aspaldiko garai haietan, bai eta errotazio-ardatzaren norabidea ere. Horretan oinarrituta, jakin ahal izan dute zer distantzia zegoen iragan urrun hartan Lurraren eta Ilargiaren artean eta zenbat irauten zuen egun bakoitzak Lurrean. Haien arabera, duela 1.400 milioi urte, Lurrak 18 ordu inguru behar izaten zituen jira oso bat egiteko; hau da, egunak 18 ordu irauten zituen, ez 24, gaur bezala.

Eta zer gertatuko da etorkizunean?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ilargiak astiro baina eten gabe jarraituko du urruntzen gure planetatik; horrek ondorio izugarriak izango ditu etorkizun urrunean. Denbora igaro ahala, Ilargia zenbat eta urrunago egon, itsasaldiak moteldu egingo dira, egunak luzeagoak izango dira, eta Ilargiak txikiagoa izateko itxura izango du Lurretik ikusita. Eklipseak desagertu egingo dira: Ilargiak ezingo du Eguzkia osorik estali, eguzki-eklipse totalik ez da egongo, eta partzialak ere poliki-poliki desagertuko dira; eta, bestetik, Ilargia urrunago egonda, Lurraren itzalak nekezago estaliko du Ilargia, eta, beraz, ilargi-eklipseak ere desagertuz joango dira.

Dena dela, Ilargiak ez du inoiz Lurraren orbita utziko: hori gertatu baino lehen, Eguzki-sistema bera amaitu egingo da, 5.000 milioi urte barru; Eguzkiari erregai guztia agortuko zaio eta erraldoi gorri bat bihurtuko da, hau da, bere tamaina asko handituko da, orain duena baino 250 aldiz handiagoa izan arte, eta orduan Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte irentsi egingo ditu.