Vikidiatik

Iliada

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Troiako zaldiaren itxura duen eraikuntza moderno bat.

Iliada antzinako greziar kontakizun bat da, Troiako gerra kontatzen duena. Kontakizun hau poema luze bat da, eta beti esan da Homero izeneko poeta batek idatzi zuela; hala ere, ez da segurua Homero hori benetan existitu zenik ere. Adituek diotenez, K.a. VI. mende inguruan osatu zen kontakizuna.

Iliada eta Odisea lanak antzinako Greziako jai handietan kontatzen ziren, K.a. VI. mendean, eta gazteak hezitzeko ere erabiltzen ziren; bertan agertzen diren heroiak eredu bezala jartzen ziren gazteentzat.

Zer kontatzen du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iliadan, Troiako gerra kontatzen da. Greziarrek munduko emakumerik ederrena omen zena, Helena, erreskatatzeko hasi zuten gerra; Helena Espartako errege Menelaoren emaztea zen, baina Troian zegoen, hango errege Priamoren seme Parisek hara eraman eta gero. Menelaok mendekua hartu nahi zuen; horretarako, Greziako beste errege eta agintariei eskatu zien laguntza. Haien artean zeuden Akiles, Aiax, Ulises eta Nestor. Guztien buru, Agamenon jarri zuten, Menelao erregearen anaia.

Gerra prestatzen bi urte eman eta gero, greziarrek 1.000 itsasontzitik gora eta 100.000 soldadu baino gehiago batu zituzten; baina, abiatzera zihoazenean, itsasoa bare-bare zegoen eta haizerik gabe, itsasontziak ezin izan ziren mugitu. Azti baten arabera, horren errua Agamenonek zeukan, Artemisa jainkosaren orein bat ehizatu zuelako. Jainkosaren haserrea baretzeko, Agamenonen alaba bat sakrifikatu beharra zegoen. Agamenonen onartu behar izan zuen bere alaba Ifigeniaren sakrifizioa, baina, aldare batean hiltzera zihoazenean, Artemisak errukitu eta Ifigenia berarekin eraman zuen, haren ordez orein bat utziz.

Azkenik, greziarren armada abiatu ahal izan zen, baina Troiara iristean, troiarrak oso ondo prestatuta zeuden gerrarako. Hiriak harresi garaitezinak eraiki zituen eta greziarren setioari denbora luzez eusteko behar adina bizigai zituzten. Hiriko defendatzaileen artean, Hektor eta Eneas zeuden.

Bederatzi urtez, greziarrek ezin izan zuten Troia beren mendean hartu. Akiles Agamenonekin haserretu zen eta borrokan parte hartzeari uko egin zion. Akiles greziarren arteko gerlaririk onena zen, garaitezina, jainkoek gerran ez hiltzeko ahala eman baitzioten; orpoan zaurituz gero bakarrik hil zitekeen. Horregatik, hura gabe, greziarrek ezin zuten gerra irabazi. Patroklok, Akilesen adiskide min batek, Akilesen armadura jantzita ekin zion borrokari, greziar soldaduek uste zezaten Akiles itzulia zela; baina borrokan hil zen. Akilesek jakin zuenean bere adiskide minaren heriotzaren berri, gerrara itzuli zen eta Hektor hil zuen, Priamo erregearen seme eta troiarren buruzagi kementsua, eta uko egin zion haren gorpua aitari itzultzeari. Uko horrek jainkoen haserrea piztu zuen, eta jainko batek Akilesen orpora desbideratu zuen gezi bat; Akiles hil egiten da, eta greziarrak gerra irabazteko itxaropenik gabe geratzen dira.

Orduan, Ulisesek trikimailu bat asmatu zuen, Atenea jainkosaren laguntzaz: greziarrek zurezko zaldi erraldoi bat (Troiako zaldia) eraiki zuten eta, isilka, 100 gerlari ezkutatu zituzten barruan; gero, beste soldadu greziar guztiak itsasontzietara erretiratu ziren, alde egiteko itxurak eginez, baina zaldia bertan utziz. Troiarrek pentsatu zuten Atenea jainkosarentzako opari bat zela zaldi erraldoia eta hiri barrura sartu zuten. Gauean, troiarrak lo lasai zeuden bitartean, zaldi barruko soldadu greziarrak kanpora irten eta hiriko ateak zabaldu zizkieten itsasontzietan zain zeuden beste greziarrei. Horrela, azkenik, greziarrek Troia konkistatu ahal izan zuten, hiria suntsitu eta troiarrak hil zituzten. Helena bere senarrarengana itzuli ahal izan zen eta greziar armada etxera abiatu zen.

Greziarren buruzagietako bat, Ulises, denbora luzez egongo da etxera itzuli ezinik. Haren istorioa, Homerorena omen den Odisea izeneko lanean kontatzen da.