Vikidiatik

Ipar

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Puntu kardinalak adierazten dituen haize-arrosa.

Iparraldea edo iparra lau puntu kardinaletako bat da. Kardinal hitzak nagusi esan nahi du; beraz, zerumugako lau puntu edo norabide nagusietako bat da. Beste hirurak hegoalde edo hegoa, ekialde edo sortaldea, eta mendebalde edo sartaldea dira. Iparraldea hegoaldearen kontrako puntu kardinala da.

Lau puntu kardinalak irudikatzen direnean, haize-arrosa delakoan edota mapa batean, iparraldea goian dagoena da, eta askotan N batez markatuta egon ohi da, (ingelesezko North hitzagatik).

Lurra ipar-hego ardatz baten jiran mugitzen da; Lurra irudikatu ohi dugun moduan, ardatz horren goiko aldea da gure "ipar geografikoa", eta beheko aldea, berriz, "hego geografikoa"; horiek ez dira inoiz aldatzen.

Lurreko meridiano guztiak bi lekutan elkartzen dira: Lurraren goi- edo ipar-buruan, eta behe- edo hego-buruan. Ipar-buru edo ipar-poloa goialdean dagoena da, eta behe-buru edo hego-poloa behealdean dagoena.

Iparrorratzek iparra seinalatzen dute beti; edo, zehatzagoak izanda, Lurreko "ipar magnetikoa". Izan ere, ipar magnetikoa lekuz aldatzen da sarri, baina inoiz ez da ipar geografikotik urrun gelditzen. Hegoaldea non dagoen jakiteko, iparrorratzak seinalatzen duen puntuaren kontrakoari begiratu beharko diogu.