Vikidiatik

Ipar Amerikako amerindiarrak

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Bisontearen ehiza.

Ipar Amerikako lehen biztanleak 230 talde, tribu edo naziotan banatu ziren denborarekin. Talde haiek hizkuntza desberdinetan mintzo ziren, baita elkarren ondoan bizi zirenak ere. Baina elkarren auzo ziren taldeek antzeko bizimoduak izaten zituzten sarritan.

Ipar Amerikako ekialdean, lehen amerikar haietakoak ziren irokesak, ipar-ekialdean, eta creekak, hego-ekialdean. Eskualde haietan, jendeak zuhaitzen azala eta adarrak erabiltzen zituen etxeak, armak, lanabesak eta kanoak egiteko. Arropa egiteko, berriz, oreinen eta beste animalia batzuen larruaz baliatzen ziren. Ehizan, arrantzan eta basa-landareak biltzen jarduten zuten. Artoa, kuiak, babarrunak eta tabakoa landatzen zituzten.

Lautadetako indiarrak bisonteak zituzten batez ere bizibide. Ipar Amerikako erdialdeko lautada handietan, txeieneak eta siuxak bizi ziren, besteak beste. Lautadetako larreetan animalia saldo eskergak bazkatzen ziren, batez ere altzeak, oreinak, antilopeak eta bisonteak (bufaloak). Lautadetako indiarrek bisontetik ateratzen zuten behar zuten ia guztia. Haragia jaten zuten, larruaz tipiak eta arropa egiten zituzten, eta hezurrez, berriz, lanabesak.

Pueblo indiarrak, navajoak eta beste talde batzuk hego-ekialde lehorrean bizi ziren. Herri haiek oso ur gutxi erabilita ikasi behar izan zuten laborantzan. Batzuek harriz eta adobez (eguzkitan egositako buztinez) eraikitzen zituzten etxeak. Beste batzuk babesleku soilagoetan bizi ziren.

Gaur egun Kalifornia deritzon lurraldean, biztanle gehienak kostaldean bizi ziren, mendebaldean. Arrantzan eta ehizan aritzen ziren, eta talde batzuek ezkur-irina egiten zuten. Txumax-ek kupula formako etxeak eraikitzen zituzten, eta miwok-ek, berriz, behealdea lurpean zuten etxeak.

Arro Handia izan zen xoxoneen eta beste herri batzuen bizilekua. Lurralde lehor hark gaur egungo Nevada eta Utah estatu iparramerikarrak hartzen zituen. Herri haiek nomadak ziren, hau da, batetik bestera ibiltzen ziren, janariaren atzetik; animalia txikiak ehizatzen zituzten, arrantzan egiten zuten, eta baiak, intxaurrak, haziak eta sustraiak biltzen zituzten.

Eskualde haren iparraldean, Nez Percé, Flathead eta beste talde batzuk bizi ziren, eta gehienek arrantzan eta ehizan ateratzen zuten bizibidea. Neguan, herrixketan bizi ziren; udan, ostera, kanpadendetan –tipietan–, eta nomada ibili ohi ziren.

Ipar-mendebaldeko kostan, egungo Kalifornia eta Alaskaren artean, talde asko bizi ziren; besteak beste, tlingit eta kwakiutl izenekoak. Eskualde hartako herriek itsasoan eta ibaietan egiten zuten arrantzan. Talde batzuek baleak ere ehizatzen zituzten. Etxe handiak eraikitzen zituzten, eta egurrezko kanoa sendoak.

Chipewyan, cree eta beste herri batzuk lurralde subartikoetan bizi ziren. Inguru hori Artikoaren hegoaldean dago, egungo Kanadan eta Alaskan. Herri subartikoak karibuez, altzeez eta kastoreez elikatzen ziren. Haiek ere animalien larruak baliatzen zituzten kanpadendak eta arropa egiteko.