Ipar itsasoa

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Ipar itsasoa satelite batetik ikusita.

Ipar itsasoa [1] Europaren iparraldean, Ozeano Atlantikoaren ipar-mendebaldean dagoen itsasoa da. Argazkian ikus dezakezun bezala, mendebaldean (ezkerrean), Bretainia Handiarekin egiten du muga; hegoaldean (behean), Belgika, Herbehereak eta Alemaniako kostaldearekin; eta ekialdean (eskuinean), berriz, eskandinaviar penintsula eta Danimarkarekin.

Gutxi gorabehera, 575.000 m²-ko azalera du, eta, konparazio baterako, Frantzia baino apur bat handiagoa da. Aldiz, ez da oso sakona, europar kontinentearen plataformaren gainean dagoelako; sakonerarik handiena 200 metro ingurura dago, eta hegaldean 50 metrora baino ez da iristen, gehienez ere.

Ozeano Atlantikoarekin konektaturik dago eta, horregatik, ur gazia du. Ipar itsasoan, bakailaoa eta sardinzarra arrantzatzen dira, besteak beste. Leku batzuetan, Eskoziatik hurbil adibidez, petrolioa eta gas naturala aurkitu dira. Bestalde, merkataritzan diharduten itsasontzi askok gurutzatzen dute etengabe.

Itsaso honen historiari begiratuz gero, badirudi azken milioika urteetan aldaketak izan dituela haren tamainan; adibidez, Izotz Aroan (azken glaziazioan), Lurrean hotz handia egiten zuen eta itsasoetako ur asko izoztuta zegoen; horren ondorioz, itsasoaren maila beherago zegoen eta gaur egun Europa den lurraldean lur gehiago zegoen itsasotik kanpo. Beraz, Ipar itsasoa txikiagoa zen, eta gaur egungo Britainiar uharteak kontinenteari loturik zeuden: oinez joan zitekeen bertaraino!


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]