Vikidiatik

Iparrizarra

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Iparrizarraren hiru irudi. Irudiotan, Polaris izenaz ageri da.

Iparrizarra Hartz Txikia izeneko konstelazioko izar bat da. Argitasun handia du eta, zeru garbian, oso erraz ikus daiteke Lurretik, ipar hemisferiotik, batez ere. Gutxi gorabehera, Lurraren biraketa-ardatzean kokaturik dago, ipar poloaren gain-gainean balego bezala; horregatik, Lurra biratzen denean, iparrizarra beti puntu berean ikusten da, gainontzeko izarrak mugitzen direla dirudien arren (berez, Lurra da mugitzen dena, ez izarrak).

Iparrizarra erdian itxuraz geldirik dagoena da.

Lurretik ikusita, badirudi inoiz ez dela mugitzen eta beti egoten dela iparraldeko puntu berean; horregatik deitzen zaio iparrizarra, nolabait iparra seinalatzen digulako. Itsasgizonentzat, bereziki, iparrizarra behar-beharrezkoa izan da beti gauez orientatzeko, gaur bezalako baliabide teknologikorik ez zegoenean. Iparrizarra lokalizatzeko, Hartz Handia konstelazioa bilatzen zen lehendabizi (oso erraz ikusten da gaueko zeru garbian); gero, konstelazioak itxuraz osatzen duen gurdiaren ardatzaren muturra bilatu eta hantxe aurkitzen da iparrizarra (eskuineko irudia handituz ikus daiteke ongi).

Dena den, gaur egun guretzat iparrizarra den izarra ez da beti izan iparra seinalatzen zuena; beste izar batek seinalatzen zuen. Izan ere, Lurraren errotazio-ardatza aldatu egiten da 26.000 urtean behin, gutxi gorabehera; horren ondorioz, ardatz horren gain-gaineko puntua ere aldatzen da denborarekin. Horregatik, Lurraren historian zehar, asko izan dira iparra seinalatu duten izarrak; eta etorkizunean ere, beste izar bat izango da. Adibidez, badakigu duela ia 5000 urte, Egiptoko piramideak eraiki ziren garaian, Thuban izeneko izarra zela iparretik gertuen zegoena; eta gutxi gorabehera 2.000. urte barru, aldiz, Cephei izeneko izarra izango da iparrizarra beste 2.000 urtez.