Vikidiatik

Iragarki

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Unicefen iragarkia tren batean.

Iragarkia zerbaiten publizitatea egiteko egiten den jakinerazpen publikoa da, testua eta irudiak erabiltzen dituena. Ekitaldi, produktu edo zerbitzu bati buruzko informazioa publikoari emateko erabiltzen dira; publikoarengan izan nahi duten eraginaren ikuspegitik, bi eratako iragarkiak bereiz ditzakegu:

  • Iragarki instituzionalak: hartzaileari halako informazio bat eman edo harengan halako jarrera bat bultzatu nahi dutenak.
  • Iragarki komertzialak: hartzaileak produktu edo zerbitzu bat erostera bultzatzeko helburua dutenak.

Iragarkiak leku edo euskarri (modu) askotan zabaltzen dira: paperean (egunkari eta aldizkarietan, kaleko karteletan, etab.), ikusentzunezkoetan (telebistan, irratian, Interneten).

Gaur egun, beraz, hedabideetan agertzen dira batez ere. Iragarleek nahi dutenean jende askok beren iragarkiak ikustea edo entzutea, hedabideei ordaintzen diete, argitaratu edo zabaltzeko. Egunkari eta aldizkariek beren artikuluen artean sartzen dituzte iragarkiak; telebista eta irrati kateek ere iragarkiak emititzen dituzte beren programetan. Webguneek, autobusek, taxiek, zinema aretoek eta beste leku askok ere iragarkiak erakusten dituzte.

Iragarkien helburua da jendea konbentzitzea beren interesetarako hobe dela iragarleak gomendatzen dien zerbait egitea: produktu bat erostea, ekitaldi batera joatea, zerbitzu bat erabiltzea, hautagai politiko baten alde bozkatzea, ekarpen bat egitea, edo baita zergak ordaintzea ere. Iragarki gehienek argudioak erabiltzen dituzte hartzailea konbentzitzeko:

  • Argudio arrazionalak: datuak ematen dituztenak produktuaren ezaugarriei buruz edo haren abantailei buruz, edota eman nahi den informazioari buruz.
  • Argudio emozionalak: sentimenduak eta emozioak baliatzen dira batzuetan, hartzailea konbentzitzen laguntzeko.

Iragarkien osagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Publizitateak tankera desberdineko baliabideak erabiltzen ditu iragarkietan:

  • Irudiak: hartzailearen arreta erakartzeko dira. Argazkiak, marrazkiak edo fotogramak izan daitezke, eman nahi duten mezuarekiko edo saldu nahi duten produktuarekiko interesa pizteko helburua dutenak.
  • Testua: esaldi laburrak eta erraz gogoratzeko modukoak izaten dira. Testuaren barruan, esloganak izaten du garrantzi berezia: esaldi edo lelo esanguratsu bat, erakargarria eta oroiterraza, publizitate-mezu baten muina laburbiltzen duena. Batzuetan, baliabide estilistikoak eta figura erretorikoak erabiltzen dira (errimak, metaforak, hitz-jokoak, errepikapenak, hiperboleak, etab.).
  • Soinua: iragarkietan musika eta soinu-efektuak erabiltzen dira mezua indartzeko. Musika erakargarriak erabiltzen dira, produktua identifikatzeko eta gogoratzen laguntzeko. Irratietako iragarkietan, musika eta soinu-baliabideak are garrantzitsuagoak izaten dira mezua hedatzeko eta hartzailearengan eragina bilatzeko.