Vikidiatik

Iratze

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Euskal Herriko basoetan oso erraz aurkitu ditzakegu iratzeak.

Iratzea edo garoa landare bat da. Bereziki toki heze, epel eta itzaltsuetan hazten da; adibidez, basoetan, arrailduretan, sakanetan eta erreka ertzetan. Zoruari lotuta dago eta ezin da lekualdatu. Lurretik, bizitzeko behar dituen gatz mineralak eta ura hartzen ditu.

Iratzearen egitura adierazten duen irudia.

Nolakoa da iratzeen egitura?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiak bezala, iratzeek ere organoak dituzte: sustraiak, zurtoina, hostoak eta ehun eroaleak dituzte. Azken horiek, barruan dituzten hodiak dira. Horregatik, iratzeak landare baskularrak direla esaten da, hodiak dituzten beste landare guztiei esaten zaien moduan. Iratzeetan, beste landareetan ez bezala, hostoak ikusten dira soilik. Iratzeen hostoak handiak dira, pikorrak dituzte eta pinuen antzeko forma dute. Zurtoinari errizoma esaten zaio eta lurpean dago sustraiekin batera. Iratzeek bi zati nagusi dituzte: esporofitoa eta gametofitoa.

  • Esporofitoa: zati handiena da. Honen barruan sustraiak, zurtoina eta hostoak sartzen dira.
  • Gametofitoa: oso txikia da. Honetan, ugaltzeko behar dituzten elementuak daude.

Nola egiten dituzte bizi funtzioak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edozein izaki bizidun bezala, iratzeek bizi funtzioak egiten ditutze. Hauek, bizirik egoteko egin behar ditugun ezinbesteko prozesuak dira.

Nola egiten dute nutrizioa?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guk egiten dugun bezala, ingurutik elikagaiak hartzen dituzte energia lortzeko. Hasteko, sustraiek azalean dituzten iletxo motzen bidez, ura eta gatz mineralak xurgatzen dituzte lurretik.

Bigarrenik, airetik gasak hartzen dituzte; horretarako birikarik ez dutenez, beste organo batzuk garatu dituzte: estomak eta ile xurgatzaileak. Gero, zorutik eta airetik hartu duten guztia hostoetara eramaten dute ehun eroaleak deituriko hodien bidez, guk odol-hodien bidez odolarekin egiten dugun antzera.

Ura eta gatz mineralak erabiltzean hondakinak sortzen dira hostoetan. Amaitzeko, hondakin horiek hodien bidez eramaten dituzte horiek kanporatuko dituzten lekuetara.

Nola erlazionatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iratzeak ez dira gu bezala erlazionatzen; ez dute elkarrekin hitz egiten edo elkar besarkatzen. Haien harremanak sinpleagoak dira. Hala ere, inguruarekin erlazionatzen dira. Sustraiak adibidez, zoruan zabaltzen dira ura bilatzeko. Zurtoinak eta hostoak, ordea, goruntz hasten dira argia bilatzeko. Honelako mekanismoei tropismo esaten zaie.
Arraildura batean hazi den iratzea.
Iratzeek hostoetan esporak gordetzeko dituzten poltsatsoak

Nola ugaltzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugalketa asexuala dute. Hau da, pertsonak ez bezala, iratze bakoitza bere kabuz ugaldu daiteke, beste iratze baten beharrik gabe. Iratzeak ez du hazirik; horren ondorioz, ez zaizkio loreak ateratzen eta ez ditu fruituak ematen. Horren ordez, hostoen azpiko aldean bolatso itxurako poltsa batzuk ditu. Gehienetan biribilak izaten dira, eta kolore argia izatetik berde ilun edo marroi kolorea izatera pasatzen dira.

Poltsa horiek heltzen direnean, ireki egiten dira eta barruan dituzten esporak askatzen dituzte. Haizeak espora horiek mugitzen ditu eta, baldintza egokiak dituen tokian erortzen badira, espora horietatik beste iratze bat jaioko da. Esporak lurrera erortzen direnetik iratzea guztiz garatu arte, urte bat pasatzen da gutxi gorabehera.