Vikidiatik

Jack London

Nabigaziora joan Bilaketara joan
J. London 1903. urtean.

Jack London idazle estatubatuar bat izan zen. Bere lan literarioetako asko naturan, lurrean eta itsasoan bizitako bere abentura propioetan daude oinarrituta. London da idazle estatubatuarren artean gehien itzuli den autoreetako bat. Haren liburuak 70 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira, euskara barne.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1876ko urtarrilaren 12an jaio zen San Frantziskon, Kalifornian, eta hasieran John Griffith Chaney zuen izena; London abizena bere aita-ordearengandik jaso zuen haur txikia zenean. Londonek txikitatik lan egin behar izan zuen dirua irabazteko eta familiari lagundu ahal izateko. Bigarren hezkuntza 14 urterekin utzi zuen eta fabrika batean hasi zen lanean. Urtebete geroago, itsasontzi txiki batean hasi zen San Frantziskoko badian nabigatzen, ostrak arrantzatzen eta gobernuko arrantza-ikuskaritzarako lan egiten.

1893an, Ozeano Bareko ipar-mendebaldera joan zen itsas txakurrak espedizio batean ehizatzera. Esperientzia horretan oinarrituta idatzi zuen The Sea Wolf (1904) izeneko liburua.

1894ko udaberrian, karga-trenetan Estatu Batuetatik bidaiatu zuen; ondoko udan, 30 egunez kartzelaratu zuten etxerik ez izateagatik. Libre geratzean erabaki zuen eskolara itzultzea. Londonek The Road (1907) izeneko liburua idatzi zuen, egindako bidaian eta kartzelan bizitako esperientzietan oinarrituta.

Londonek bigarren hezkuntza lau urtetan egin ordez, urte bakar batean amaitzea lortu zuen, eta Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn, hasi zituen ikasketak 1896an. Hala ere, hilabete gutxi batzuetara utzi behar izan zuen, ez baitzuen ikasten jarraitzeko dirurik. Ikasi ordez, idazten hasi zen. Asko idazten zuen arren, ez zuen bere lanak argitaratzea lortzen. 1897an erabaki zuen Kanadara joatea, Klondikeko urrearen bilaketan lan egin eta aberats bihurtzeko asmoz. Hurrengo urtean itzuli zen eta idazlea izan nahi zuela erabaki zuen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Londonen lehen liburua, Son of the Wolf, 1900ean argitaratu zen. Geroago, mundu mailan ospetsu egin zen Basabizitzaren deia (1903) liburuari esker. Liburuko protagonista Buck izeneko txakur ba da, Klondikera lera-txakurra izateko bidaltzen dutena. Azkenean otso baten antzera bizi da.

Iparraldeko lur basatietan kokatzen da Londonen Letagin zuri (1906) liburu ezaguna ere. Londonek hil arte jarraitu zuen etengabe idazten. Osotara, fikziozkoak ez diren 400 lan idatzi zituen, 200 ipuin, 20 eleberri eta 3 antzezlan. 1916ko azaroaren 22an hil zen Glen Ellen herrian, Kalifornian.