Vikidiatik

Jacques-Yves Cousteau

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Jacques-Yves Cousteau.

Jacques-Yves Cousteau XX. mendeko itsasgizon eta zientzialari frantses bat zen, itsasoari buruzko ikerketak egin zituena eta liburu eta dokumental ospetsu ugariren egilea. Urpekaritzan aritzeko erabiltzen den ekipo autonomoa asmatu zuen, hau da, aire-bonbona eta arnasgailua dituena.

Cousteau kapitain edo komandantea mundu osoan bihurtu zen ospetsua Calypso izeneko bere itsasontziarekin telebistarako egin zituen dokumentalengatik. Dokumental horiek jende askori ezagutarazi zion itsaspeko mundu ezkutua. Noizbait esan zuen lehenago edo geroago gizakia urpean biziko dela eta han lan egingo duela.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jacques-Yves Cousteau 1910eko ekainaren 11an jaio zen, Frantzian, Bordeletik hurbil. Txikitan sortu zitzaizkion igeri egiteko afizioa eta itsasoarekiko interesa. Familiarekin batera, New Yorkera joan zen bizitzera bi urtez 10 urte zituenean, eta Estatu Batuetan ezagutu zuen urpekaritza edo urpeko igeriketa, udaleku batean.

Frantziara itzuli ondoren, bideokamera bat erosi zioten eta irudiak hartzeko zaletasuna ere piztu zitzaion. Ikasketak 20 urterekin bukatu zituenean, Frantziako itsas armadan sartu zen, hegazkin-pilotu izateko asmoz. Baina auto-istripu larri bat izan zuen eta medikuek bi besoak moztu beharko zizkiotela esan zioten; Cousteauk ez zuen hori nahi, ezingo zelako hegazkin-pilotua izan. Besoetako infekzioa sendatu ondoren, medikuek igeri egiteko aholkatu zioten besoak indartzeko; eta horrek betiko aldatu zion bizitza, urpean ikusteko betaurrekoak jantzita itsasora sartu zenean 1936an; itsaspea esploratzeko gogo bizia piztu zitzaion, bai eta ikusi zuena mundu guztiari erakusteko ere.

Cousteuk asmatutako urpekaritza-ekipoa

Bigarren Mundu Gerrak ez zituen eten Cousteauren itsaspeko esplorazioak. Itsas Armadan egonda, Jacques eta bere lankide batzuk aztertzen hasi ziren zer egin itsaspean sakonera handietara iristeko eta urpean aske mugitzeko. Émile Gagnan izeneko ingeniari bat ezagututa, elkarrekin asmatu zuten urpekarientzako lehen ekipo autonomoa; Aqua-lung izena ipini zioten eta 1943an probatu zuten lehen aldiz. Hari esker, urpekariak itsaspean mugi zitezkeen, ur-gainetik airea hartzeko hodirik erabili beharrik gabe. Gaur egun oraindik erabiltzen den sistema da.

1950ean Itsas Armada utzi eta, ozeanoak esploratzen jarraitzeko asmoz, itsasontzi bat aurkitu zuen Maltan urte hartan bertan. Itsasoko minak kentzeko erabiltzen zen ontzi bat zen, eta Calypso izena eman zion. Itsasontzi horretan, emaztearekin, Frédéric Dumas izeneko lankide batekin eta tripulazioko beste kide batzuekin, munduko ozeanoak esploratzeari ekin zion, urpeko teknologia berriarekin esperimentatuz.

The silent world (Mundu isila) izenburuko liburu bat argitaratu zuen 1953an, geroago frantsesez berridatzi eta beste hizkuntza askotara itzuli zena. Liburu hark ospe handia eman zion mundu osoan. Itsaspeko kolorezko argazkiak garatzen hasitako lehenetako bat izan zen, eta urpean filmatzeko modua asmatu zuen. 1956an, aurreko liburuan oinarritutako film dokumental bat egin zuen, The silent world, Cannesko Zinemaldiko urrezko palma irabazi zuena urte hartan. Sari garrantzitsu hori irabazi zuen lehen dokumentala izan zen, eta 2004ra arte ez zen egon beste dokumental irabazlerik. Estatu Batuetan, gainera, dokumentalentzako oscar saria ere irabazi zuen urte berean.

Calypso itsasontzia.

1960ko hamarkadan, Cousteauk proiektu bat hasi zuen frogatzeko gizakiak itsas hondoan bizi zitezkeela habitat edo bizigune presurizatu edo aireztatu batzuetan. Estatu Batuetako telebista batzuen laguntzarekin, 1966tik aurrera, serie dokumental bat egiten hasi zen, The Undersea Worl of Jacques Cousteau (Jacques Cousteauren itsaspeko mundua) izenarekin; 10 urtez jarraitu zuen serie hori egiten eta mundu osoan ezagun bihurtu zen hari esker. Geroago, beste serie bat egin zuen, The Cousteau Odyssey (Cousteauren odisea), 1977tik 1982ra arte telebistan eman zena.

1970eko hamarkadan, Cousteau ingurumenaren eta bereziki itsasoaren kontserbazioaren aldeko lanari lotu zitzaion. 1974an, Cousteau Elkartea sortu zuen, munduko ozeanoen eta itsasoko bizidunen egoera hobetzeko asmoz, nahiz eta ekologista batzuek salatu egin zuten itsas animaliez abusatzen zuela bere dokumentalak filmatzeko.

Bere bizitzako azken urteak gogorrak izan ziren Cousteaurentzat: bere seme Philippe, aitaren lanetan kolaboratzen zuena, hegazkin-istripu batean hil zen 1979an. Horren eraginez, ordura arte berak egiten zituen lanetako asko Jean-Michel izeneko semearen ardurapean geratu ziren, Jacquesen adinagatik, baina aita eta semearen arteko etengabeko desadostasunen ondorioz, semea Cousteau Elkartetik erretiratu zen 1992an.

1990ean, Cousteauren emaztea hil zen, eta, 1996an, gabarra batek Calypso jo eta hondoratu egin zuen. Cousteau bere lanarekin jarraitu nahi eta Calypso II bat eraikitzeko dirua biltzen saiatu zen, baina 1997ko ekainaren 25ean hil zen, 87 urte zituela, bihotzekoak jota. Bere jaioterrian, Saint-Andre-de-Cubzac herrian, lurperatu zuten.