Vikidiatik

Jeronimo

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Jeronimo, eskuinean, beste apatxe batzuekin.

Jeronimo Ipar Amerikako amerindiarren arteko apatxe herriko gerlari txirikahua bat izan zen. Apatxeak Mexiko iparraldean eta gaur egun AEBetako hego-mendebaldea den horretan bizi ziren. Jeronimok bere tribuaren lurraz jabetu nahi zuten kolono eta soldadu mexikar eta estatubatuarren aurka borrokan pasatu zuen bizitzaren zatirik handiena.

Jeronimo 1829ko ekainean jaio zen orduan Mexikoren parte zen Arizonako hego-ekialdeko alderdi batean. 17 urte zituela bere tribuko gerlarien kontseiluko kide bihurtu zen eta apatxeen eta mexikarren arteko borroketan parte hartu zuen. 1858an mexikarrek ama, emaztea eta seme-alabak hil zizkioten. Mendekatu nahirik, Jeronimo are basatiago borrokatu zen. Bere trebetasunak eta kemenak buruzagi bihurtu zuten.

AEBko gobernuak 1874an Jeronimo eta beste 4.000 apatxe Arizonako erreserba batera joatera behartu zituzten. Han sarritan aurkitzen ziren janaririk gabe eta beraien ohitura tradizionalak debekatu egiten zizkieten. Jeronimok eta bere jarraitzaileek erreserba utzi eta 10 urte baino gehiagoz Arizonako kolonoen kontrako eraso bortitzak burutu zituzten. 1886an eman zuen amore eta bera eta bere jarraitzaileak Floridara bidali zituzten preso, gatibu-lanak egitera behartuta. 1894an Oklahomako lurraldean zegoen Fort Sillera eraman zuten. Han hil zen 1909ko otsailaren 17an.