Jules Verne

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Jules Verne idazlea, 1878 inguruan.

Jules Verne (1828-1905) idazle frantses bat izan zen, zientzia-fikzioa idazteagatik oso ezaguna, eta, gainera, horrelako gaiei buruz idatzi zituen lehenengoetarikoa. Bere liburuetan aipatu zituen "asmakizun" batzuk bere garaian ez ziren existitzen, baina geroago benetan asmatu ziren; itsaspeko itsasontziak edo ilargira joateko suziriak, adibidez.

Haren libururik ezagunenak honako hauek dira:

  • Bost aste globoan (1863an argitaratua).
  • Lurraren bihotzeraino (1864). Euskaraz dago, Iñaki Azkunek itzuli eta 2003an argitaratua.
  • Lurretik ilargira (1865)
  • Hogei mila legoako bidaia itsaspetik (1869). Euskaraz, Maria Francisca Iñiguezek itzuli eta 2013an argitaratua.
  • Munduari bira 80 egunetan (1872). Euskaraz, Manuel Arregik itzuli eta 2001ean argitaraua.
  • Uharte misteriotsua (1873)
  • Mikel Strogoff (1874). Euskaraz, Karlos Zabalak itzuli eta 2002an argitaratua.
  • Munduaren azken muturreko faroa (1901). Euskaraz, D. Urbistondok itzuli eta 2013an argitaratua.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako Nantes hirian jaio zen; zuzenbidea ikasi zuen Parisen, baina 19 urte zituela hasi zen literatura idazten. 20 urte zituenean, neska batez maitemindu zen, baina neskaren gurasoek ez zioten baimenik eman harekin ezkontzeko eta gizon aberats baina zaharrago batekin ezkonduarazi zuten; Verneren lan batzuetan, maite ez duten senar batekin ezkondu behar duten emakume batzuk agertzen dira, horregatik.

Zuzenbidea ikasten jarraitu zuen 1851ra arte, baina, bitartean, idazten eta Parisko idazleak ezagutzen jarraitu zuen. Azkenik, ondoko urtean, zuzenbidea bertan behera utzi eta idazle ogibideari ekitea erabaki zuen. Gainera, garai hartako zientzia-aurkikuntzak asko interesatzen zitzaizkion. 1857an ezkondu zen eta 1861ean seme bat izan zuen.

Hasierako idazlanekin ez zuen arrakastarik lortu; baina 1862an, Bost aste globoan eleberria argitaratu eta ospe handia irabazi zuen berehala. Horrelako liburu gehiago eskatu zizkioten segidan, eta diru asko irabazi zuen. Hala ere, literatura munduak ez zuen oso idazle handitzat hartzen; izan ere, batez ere gazteei gustatzen zitzaizkien haren liburuak. Esan bezala, liburu horiek oraindik argitaratzen dira eta hainbat film ere egin dituzte haietan oinarrituta.

Amiens hirian hil zen 1905ean, diabetesarekin gaixorik egon ondoren.