Vikidiatik

Julio Zesar

Nabigaziora joan Bilaketara joan
Julio Zesarren estatua moderno bat, Italiako Rimini hirian.

Julio Zesar erromatar agintari eta militar bat izan zen.
Erroman jaio zen (Italia), Kristo aurreko 100. urteko uztailaren 12an, eta Erroman hil zen, Kristo aurreko 44. urteko martxoaren 15ean, 56 urte zituela.
Patrizioen familia bateko kidea zen, garai hartako erromatar gizarteko goi klasekoa, alegia.

Gaztetan, oratoria ikasi zuen, hau da, jendaurrean nola ondo hitz egin; izan ere, garai hartan, hizlari ona izan beharra zegoen, Erromako gizartean eta politikan postu on bat lortzeko. Laster, politikagintzan sartu zen. Kontsul kargua eskuratu zuen, antzinako Erromako kargurik gorenetako bat, gaur egungo lehendakari baten parekoa. Erroma, garai hartan, bi kontsulen artean gobernatzen zen, eta Zesarrek urtebetez eduki zuen kargu hori.

Kargua utzi zuenean, Galiara alde egin zuen, eta bederatzi urteko gerra luze baten ondoren, Galia osoa konkistatzea lortu zuen. Ondoren, Italiara itzuli zen eta diktadore kargua hartu zuen. Gerra bat piztu zen Zesarren eta Ponpeio izeneko beste general baten armaden artean, eta Zesarrek irabazi zuen. Ponpeio hil egin zen, baina Zesarrek barkamena eman zien bere kontra borrokatu ziren beste generalei.

Zesarren hilketa, XIX. mendeko margolan batean.

Hala ere, asko ez ziren fidatzen Zesarrez; uste zuten errege bihurtu nahi zuela, eta erromatar errepublikarekin amaitu. Hori dela eta, Julio Zesarren agintaritzarekin ados ez zegoen talde batek plan bat lotu zuen Zesar diktadorea hiltzeko. Zesar K.a. 44. urtean hil zuten; hiltzaileen artean, haren seme adoptatua zegoen, Bruto.

Zesarren esaldi ezagun batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Julio Zesarrek esandako esaldi batzuk oso ezagunak dira. Latinez esan zituen, hizkuntza hori erabiltzen baitzuten garai hartan Erroman. Hona hemen batzuk:

  • «Alea jacta est»: hitzez hitz, hauxe litzateke: Dadoak botata daude. Esanahia hau da: gerta bedi gertatu beharrekoa.
  • «Veni, vidi, vici» (Etorri naiz, ikusi dut eta irabazi egin dut): gerra bat erraztasun osoz irabazi ondoren esan zuen.
  • «Tu quoque mi fili?» (Zu ere bai, seme maite?): hil zutenean, eraso egin ziotenen artean Bruto bere semetzakoa ikustean esan omen zuen. Dirudienez, horiexek izan ziren hil aurretik esan zituen azken hitzak.