Kairo

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Egiptoko mapa eta Kairo hiriaren kokapena.
Kairo hiria eta Nilo ibaia.

Kairo Afrika iparraldeko hiri bat da, bai eta Egiptoko hiriburua eta hiririk handiena ere; Afrika osoko hiririk handiena ere bada. Izan ere, 2017ko datuen arabera, 20 milioi inguru biztanle ditu; hori dela eta, munduko hiririk handienetako bat ere bada. Egiptoko biztanle guztiak kontuan hartuz, laurdena (lautik bat) baino gehiago bizi dira Kairo hirian edo hiri inguruetan.

Hiri hau Nilo ibaiaren ertzean dago, Egiptoko iparraldean, ibaiaren deltatik hurbil. Hiriko mendebaldean, Giza izeneko hiria dago, Kairoren erdialdetik hogei kilometro ingurura; hantxe daude Gizako hiru piramide handiak. Hegoaldean, berriz, Menfis hiria, Antzinako Egiptoko hiriburua izandakoa.

Kairo da Egiptoko ekonomiaren, politikaren eta kulturaren erdigunea edo hiririk garrantzitsuena.

Historia laburra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egipton oso hiri zaharrak daude, baina Kairo ez da horietako bat. Izan ere, Kairo hiria Erdi Aroan sortu zen, X. mendean (969. urtean, zehazki), arabiar musulmanek Egipto konkistatu ondoren.

XV. mendetik XIX. mendera arte, hiria mamelukoen eta otomandarren eskumenean egon zen; tarte labur batez, Napoleonen armada frantsesaren esku egon zen XVIII. mendearen bukaeran. XIX. mendearen hasieran, otomandarren kontrolpean geratu zen berriro, eta hiria modernizatzen hasi zen; gainera, asko handitu zen, piramideak zeuden lekuraino iritsi arte.

XX. mendearen erdialdean, hiria izugarri handitu zen eta biztanleria lau bider handiagoa bihurtu zen. Horretarako, ordea, nekazaritzarako oso egokiak ziren deltako lurrak okupatu behar izan ziren. Bestalde, Kairoko biztanlerik zaharrenak hiri zaharretik aldegin eta inguruetan eraikitako hiri berri moderno batzuetan bizi dira. Aldiz, Egipto barruko lurralde pobreagoetako biztanle asko eta asko joan dira Kairon bizitzera, batez ere auzorik pobreenetara, baita hilerrira ere. Bestalde, gehiegizko populazioak arazo handiak eragiten ditu, haien artean kutsadura handia.

Leku ikusgarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kairon leku interesgarri ugari daude, haietako asko Antzinako Egiptorekin loturikoak, baina ez bakarrik. Bereziki aipatzeko moduakoak dira:

  • Kairoko Egiptoar Museoa: Antzinako Egiptoko faraoien garaiko bildumarik handiena duen museoa da. Tutankamon faraoiaren hilobian aurkitutako objektuak dira museoko piezarik ospetsuenak. Milaka eta milaka bisitari izaten ditu urtero.
  • Hiriko alde zaharra: Egiptoko historiako garai guztiak ikus daitezke bertan: erromatarren garaiko hondakinak, meskita, sinagoga eta eliza ugari, antzinako kale ederrak eta merkatu ikusgarriak.
  • Kairo dorrea: hiriaren erdialdean dagoen uharte batean eraiki zen 1961ean; 187 metro ditu eta 1971ra arte Afrika osoko eraikinik garaiena izan zen. Dorrearen gailurrak jira egiten du eta jatetxe bat du barruan; hiri osoa ikusteko primerako lekua da.