Karraskari

Vikidiatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Karraskari batzuk: kapibara, pedetesa, katagorria, kastorea eta sagua.

Karraskariak animalia ugaztun txiki batzuk dira, lau ebakortz berezi dituztenak, goiko hortz-lerroan bi eta behekoan beste bi. Ebakortz horiek azal gogorreko fruituak (intxaurrak edo hurrak, adibidez) karraskatu edo apurtzeko, zura ebakitzeko edota lurrean zuloak egiteko erabiltzen dituzte, karraskari motaren arabera; horregatik, azkar gastatzen zaizkie, baina, era berean, oso azkar eta etengabe luzatzen zaizkie berriro.

Karraskatze-lanak indar handia eskatzen dienez gero, animalia hauek oso burezur sendoa eta aho-muskulu indartsuak izaten dituzte. Tamaina eta pisu desberdineko karraskariak daude: txikiena 5 gramo inguruko pisua duen sagutxo ñaño bat da; handiena, berriz, Hego Amerikako kapibara izenekoa da: burutik ipurdiraino, metrotik gora izan dezake, eta 60 kg izatera hel daiteke.

Karraskarien espezieak oso zabalduta daude mundu osoan eta ia leku guztietan topa daitezke, Antartidan eta zenbait uharte urrunetan izan ezik. Haien artekoak dira katagorria, erbia, muxarra, arratoiak eta saguak. Karraskariak iledunak izaten dira, baina espezieren batek (arantzurdeak) ilearen ordez arantza gogor eta zorrotzak izaten dituzte beren burua babesteko.

Karraskari gehienak belarjaleak dira, hau da, landareak jaten dituzte. Batzuek, hala ere, haragia ere jaten dute. Gehienak lehorrean bizi dira, lurrean alegia, baina kastoreak, adibidez, ondo egokitu dira uretan bizitzera.

Karraskariak ugaztunak dira, eta, beraz, kumeak emearen sabelean hazten dira. Ugaztunen klase barruko ordena bat osatzen dute, rodentia izenekoa.

Karraskari batzuek (marmotak, adibidez) hibernatu egiten dute; hau da, loaldi luzea egiten dute neguan, hotz gogorrei aurre egiteko; horretarako, gorputzeko tenperatura eta funtzio metabolikoak oso maila apaletan mantentzen dituzte.