Katagorri

Vikidia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Katagorria

Katagorri edo urtxintxak zuhaitzetan bizi diren ugaztun karraskari batzuk dira.

Bereziki basoetan bizi dira, baina hirietako parkeetan ere badira. Oso deigarriak dira, isatsa luze eta ederra baitute, gorputza bezain luzea. Katagorriak zailak dira ikusten, oso arinak eta lotsatiak direlako eta berehala ihes egin eta ezkutatzen direlako.

Katagorriek 200-400 gramoko pisua dute. Horren arinak izanda, erraz ibil daitezke adarrez adar saltoka. Hontzak eta beste hegazti harraparietatik ihes egiteko balio die honek. Beren atzapar luze eta okerrekin ondo heltzen diete adar eta adaxkei.

Bizilekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduan zehar katagorri mota asko daude. Europan katagorri arrunta bizi da, marroi gorrixka. Estatu Batuetan eta Kanadan katagorri grisa bizi da, Europakoa baino handiagoa. Jendeak katagorri grisak Ingalaterra eta Italiara ekarri eta bertan askatu zituen. Grisak marroiak baino indartsuagoak direnez ia ez dira katagorri marroiak geratzen herrialde horietan.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katagorria habia egiteko adarrak biltzen.

Urtxintxak bakartiak dira. Kumeak izateko bakarrik biltzen dira beste urtxintxekin. Janari nahikoa badute eta eguraldia egokia bada, 4-7 kume izaten dituzte.

Habiak zuhaitzetan egiten dituzte; adarrez egindako bola batzuk dira, goroldioz beteak bigun egoteko. Bola hauek bi zulo dituzte, bata atea edo sarrera balitz bezala erabiltzeko eta bestea, txikiagoa, ihesbide bezala. Katagorri bakoitzak zenbait habia egiten ditu, lotarako, egunez itzaletan egoteko edo kumeak izateko.

Kumeak urtean bi aldiz izaten dituzte. Urtxintxa ugaztuna denez, amak bularreko esnea ematen die.

Basoko urtxintxen etsaiak katuaren antzeko animaliak (lepahoria, basakatua...) eta zenbait txori harrapari dira. Hirietan etxeko katuak dira arriskutsuenak urtxintxentzat.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtxintxak janaria eskuetan duela jaten du, gure antzera.

Urtxintxen janaririk gustukoena baia, fruitu lehorrak, haziak, azalak, loreak, perretxikoak eta fruituak dira. Hala ere, batzuetan zizareak, arrautzak, intsektuak eta barraskiloak ere jaten dituzte. Udazkenean urtxintxek janaria bildu eta gordetzen dute neguan jateko.